Ordiziako dokumentu historikoak eta Ordizia 1700. urtean nola izan zitekeen irudikatzen duen maketa daude ikusgai D'elikatuz zentroan Gabon ostera arte
Gaurtik aurrera,
Bidaia Villafrancaren historiatik,
dokumentuetan barrena erakusketa eta
Villafranca 1700 urte inguruan hiribilduko maketa ikusgai egongo dira. Aurkezpena, atzo egin zuten prentsa aurrean Gure Iragana taldeko Nerea Iraola eta David Cano historialariek eta Joseba Aranburu Ordizia 750 urteurreneko zinegotziak. Maketaren egilea Gorka Otsoa de Alda da. Erakusketa D`elikatuz zentroan dago eta larunbatean, abenduaren 1ean, bisita gidatuak ere egingo dituzte. Erakusketa Gabonak pasa bitarte ikusi ahalko da, eta maketa betirako geratuko da.
«Gure historia ezagutzeko erarik onenetariko bat gure arbasoek idatzitako dokumentuak dira. Horregatik eta gure hiribilduak aurten betetzen duen 750. urteurrenaz baliatuz, nolabait, Ordiziaren garapen historikoa adierazten duten izaera anitzeko dokumentu batzuk erakutsi nahi izan ditugu», esan zuten Gure Iraganakoek
Lan mardula
Ordiziako hiribilduko dokumentu garrantzitsuenetariko batzuk, lehendabiziko aldiz eta lehen eskutik, ezagutzeko aukera paregabea da erakusketa. Dokumentu hauek orain dela hiru urte III. Victor Mendizabal bekarekin hasi zen ikerketa luze baten fruituak dira eta aukera berezi honetaz baliatuz, herritarren gozamen eta atseginerako erakusketa honetan aurkeztuko dira. Paneletan irudikatuko dira gehienak eta jatorrizko batzuk ere jarriko dituzte.
Dokumentazio honen jatorria eta tipologia era askotakoa da, izan ere, lekuko, probintziako eta estatuko hainbat artxibotatik eskuratutako dokumentuak baitira. «Askotan ikusten ez diren, itzelezko lan orduen eta ahalegin irmoaren erakusgarri» da erakusketa. «Dudarik gabe, ardura handiko lana izan da ,eta azkeneko xehetasunik txikiena ere kontu handiz landu dugu», argitu zuten Iraolak eta Canok.
Bisita gidatuak
Esan bezala, erakusketa Gabonak pasa bitarte, Ordiziako D´elikatuz zentroan egongo da ikusgai. Dena den, erakusketaren xehetasunak hobeto ezagutarazteko bisita gidatuak ere antolatu dituzte, abenduaren 1ean, larunbatean hain zuzen ere, eta Gure Iraganako kideak egongo dira argibideak ematen. Euskarazkoa goizeko 11:00etan eta gaztelaniazkoa eguerdiko 12:00etan izango dira.