Brasildik euskaltegira
Brito-Menezes familiako kide guztiak ez dira oraindik Ahobizi izateko gai, baina mundu guztia aho zabalik uzteko ahalmena dute: brasildarrak dira eta familiako sei kideak euskara ikasten ari dira. Werner eta Rosiane
Brito-Menezes familiako kide guztiak ez dira oraindik Ahobizi izateko gai, baina mundu guztia aho zabalik uzteko ahalmena dute:?brasildarrak dira eta familiako sei kideak euskara ikasten ari dira. Werner eta Rosiane gurasoak eta bi seme-alaba zaharrenak (Valeria eta Wesley) euskaltegira joaten dira eta seme gazteena (Joao Pedro) eta biloba (Isadora) ikastolara.
Valeria, 5 urteko Isadora txikiaren ama, duela hiru urte etorri zen Euskal Herrira, Azpeitian bizi diren osaba-izeba batzuen etxera. Bertan euskaraz hitz egiten zutela konturatu bezain laster, euskaltegian izena eman zuen. Egun Zumarragan bizi da. Bere gurasoak eta bi anaiak duela bi hilabete heldu ziren bertara eta berehala euskaltegira bidali zituen.
Valeriak ez zuen euskararen berri, Azpeitira etorri zen arte. «Erraz moldatuko nintzela uste nuen, gaztelera portugesaren antzekoa baita. Inork ez zidan esan hemen euskara hitz egiten zela. Heldu nintzenean, ez nion inori ezer ulertzen. Gaztelera nik uste baino zailagoa da, pentsatu nuen. Euskaraz ari zirela esan zidatenean, euskaltegian izena ematea erabaki nuen. Denek euskaraz egiten zutenez, euskara ikastea lana lortzeko garrantzitsua zela pentsatu nuen. Gainera, Azpeitian ia denek euskaraz egiten dute eta hemen bizi nahi badut zuen hizkuntza ikasi beharra dut».
Gurasoek etortzeko asmoa zutela esan ziotenean, euskara ikasi beharra zutela esan zien. Bere aita Brasilen bertan hasi zen euskara ikasten, Internet bidez. Duela bi hilabete heldu ziren eta berehala Urretxu eta Zumarragako udal euskaltegian izena eman zuten. «Badakite euskara ikastea oso garrantzitsua dela lana lortzeko eta komunikatzeko eta, gainera, kultura guztiak errespetatzearen aldekoak dira», esan du Valeriak.
Euskal Herriko bizimodua asko gustatzen zaie. «Gehien gustatzen zaiguna kaleetako segurtasuna eta lasaitasuna da. Gure herrialdea ere oso polita da, baina ezin gara kalera lasai atera. Segurtasunarekin eta lasaitasunarekin dena askoz ere errazagoa da:?lagunak egitea, bizi kalitatea izatea… Hori bai, han beroa egiten du eta hemen hotz handia egiten duela iruditzen zaigu. Gainera, Zumarragan elur asko egiten du».
Euskal Herriko osasun eta hezkuntza sistema miresgarriak iruditzen zaizkio. «Denok elkarrekin gaude eta ikasteko aukera dut. Erizain laguntzaile izateko ikasten ari naiz, Urretxuko Joxe Mari Iparragirre institutuan. Gure herrialdean ez ditugu hemen ditugun aukerak: osasun sistema publiko indartsua, hezkuntza… Han diru asko behar da edozein titulu lortzeko. Nire gurasoentzat ere oso garrantzitsuak dira Euskal Herriak eskaini dizkigun segurtasuna eta aukerak. Herrialde honetan oso ondo hartu dituztela sentitzen dute».
Hala, primeran egokitu dira. Gurasoei musika gustatzen zaie eta Urretxu-Zumarragako Goiargi abesbatzan izena eman dute. Valeriak ez du denbora libre asko, baina ahal duen guztietan Azpeitira joaten da. Izan ere, mutil-laguna bertakoa du eta lagunak ere baditu. Mendira joatea ere gustatzen zaie. «Lehengoan Santa Barbaran egon ginen eta argazki batzuk atera genituen. Oraindik ez ditut inguru honetako mendiak oso ondo ezagutzen. Azpeitia ingurukoak hobeto ezagutzen ditut», aipatu du. Joao Pedrori eskola kirola gustatu zaio bereziki. Izan ere, Brasilen ez zuen hainbeste kirol probatzeko aukerarik.
Beraiek oso gustura daude Euskal Herrian eta urretxuar eta zumarragarrak ere oso gustura daude beraiekin. Goiargi abesbatzakoak, adibidez. «Gustura hartu ditugu. Gainera, gizonezkoen faltan gaude. Oraindik egokitzen ari dira, baina bidean daude», aipatu du Mikel Lizarraldek.
Brasildarrak egiten ari diren ahalegina txalotzekoa dela dio. «Bi brasildar etorri behar zirela esan zigutenean harritu egin ginen, baina oso polita da. Gure laguntza osoa dute. Beraien etorrerak taldean elkartasuna piztu du. Wernerrek grabazioak eskatu dizkigu, etxean ikasteko. Beste batek, beharbada, ez luke halako interesik azalduko».
Urretxu eta Zumarragako Udal Euskaltegian ere hitz onak besterik ez dituzte brasildarrentzat. «Egunero etortzen dira, txintxo-txintxo. Ikasteko eta laguntzeko gogo handia dute. Aitak informatika ezagupenak ditu eta nire lagun baten ordenagailua konpondu zuen. Bota egin behar zuen, Wernerrek garbitu egin zuen eta orain primeran dabil», esan du Miren Iturriotz irakasleak.
Urretxuar honek 34 urte daramatza euskara eskolak ematen. Gizartea asko aldatu da azken hiru hamarkada hauetan. «Nork esango zidan niri gure ikasleetako asko etorkinak izan behar zirela! Egia esan, goso esker onekoa da etorkinei eskolak ematea. Titulua atera behar dutenekin lan egitea askoz ere gogorragoa da. Izan ere, eskolak mekanikoagoak dira eta tentsioa askoz ere handiagoa da».
Iturriotzek Brasilgo, Pakistango, Dominikar Errepublikako eta Ekuatore Gineako ikasleak ditu, besteak beste. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia dirudi.
Eta hala jarrai dezala… Izan ere, etorkinek euskara ikastea eta hitz egitea ezinbestekoa da. Euskarak etorkinen konpromisoa behar du eta etorkinek gizarte honetan integratzeko euskara beharrezkoa dutela sentitu behar dute.