Errepresioa eta jazarpena
Gerra gehienetan gertatzen den bezala, 1936ko gerran, errepresio eta jazarpen handia jasan zuten emakumezkoek. Beasainen, 1936ko uztailaren 27ko gau odoltsuaren ondorena gogorra izan ...
Gerra gehienetan gertatzen den bezala, 1936ko gerran, errepresio eta jazarpen handia jasan zuten emakumezkoek. Beasainen, 1936ko uztailaren 27ko gau odoltsuaren ondorena gogorra izan zen oso, batez ere fusilatuen alargunentzat.
Lau liburuk osatutako Beasain: Oroimen Historikoa lana argitaratu dute Beasainen, Jon Kortazar historiagilearen eskutik. 1900-1931, 1931-1936, 1936-1937 eta 1937-1945 garaiak ekarri ditu gogora, 1936ko gerrak, eta bereziki uztailaren 27ko gau odoltsuak, aparteko lekua hartuz. Frankistak Beasainen. Uztailaren 27ko gau beltza eta errepresioari dagokion liburuari erreparatuta, leku berezia du emakumeen aurkako errepresioak atalak. Egilearen esanetan, «bereziki aztertu beharreko gai bezala azaltzen zaigu emakumeen kontrako errepresioa. Izan ere, emakumeek nolabaiteko errepresio berezia eta propioa jaso zuten 1936ko gerran zehar, baita Beasainen ere».
1936ko gerra ez zen salbuespena izan: mendeak eta urteak joan ahala, gerretan emakumezkoak «gauzatzat hartzea, garaikur gisa erabiltzea» errepikatu izan da. «Historian zehar, kasu askotan, emakumeek umiliatuz etsaiaren gizartea umiliatzea bilatu izan du armada garaileak. 1936ko gudan, ezagunak dira Sevillatik altxatuen jeneral Gonzalo Queipo de Llanok botatzen zituenak, gorrien andreak bortxatzeko dei eginez» Beasain ere ez zen salbuespena izan, eta «Beasainen, altxatuek euren nagusitasuna finkatu zutenean, emakumeen kontrako errepresioa ere ezarri zuten».
Ilea moztu, errezino olioa
Errepresio mota hedatuena, emakumeei ilea zeroan edo ondo-ondotik moztea izan zen. Kortazarren esanetan, «ez dugu ezagutzen Beasainen umiliazio mota hori aplikatu zioten gizonezkorik». Altxatuek bi helburu lortu nahi izan zituzten: «Alde batetik, umiliatutako emakumeak bistaratzea, markatzea, ikusgarri egitea; eta bestetik, emakumeak publikoki lotsaraztea, beren gorputzaren parte bat, ilea, moztuz». Errepresio mota hori jasan zutenak, 1936ko uztailaren 27ko gau beltzean fusilatu zituztenen alargunak izan ziren.
Garai hartako egunkariek ere jaso zuten Beasainen gertatukoaren berri. La Voz egunkariaren arabera, «Herri Frontearen pean zerbitzatu zuten erizain guztiei ilea moztu zieten eta plazan biluztu egin zituzten. Egunkari horren arabera, emakumeen kontrako errepresioa bereziki gogorra izan zen». Euzko Deya-k xehetasun gehiago eman zituen: «Erizain horiek lau ziren ‘hiru gazte eta ezkondutako bat’, eta lau horietako bat ‘ezkongabe bat’, publikoki biluztu zuten plazan».
Kasu askotan gainera, ilea moztearekin batera, errezino olioa edanarazten zieten – kaka gainean egitea eragiten zuen–, «emakumeak ere gehiago lotsaraziz».
Emakumeen umiliazioa
Beasaingo Oroimen Historikoa liburuan nabarmendu dutenez, emakumeen kontrako umiliazioa bilatzen zuten frankistek zigor horien bidez, eta zigorra kolektiboa izan zen. «Hildakoen kasuan emakume kopuru txikia izan bazen ere (uztailaren 27an, bat), geroko errepresioa, jomugatzat hartutako emakumeen aurka bereziki gogorra izan zen». Mehatxua ere erabiltzen zuten: 500 pezetako isuna ordaintzea edo ilea moztearen aukera.
Emakumeek nolabaiteko errepresio berezia eta propioa jaso zuten 36ko gerran.
Emakumeak umiliatuz ‘etsaiaren gizartea’ umiliatzea bilatu izan du armada garaileak.
Agripina Polo Polo gaztaina saltzaile moduan aritu zen Beasainen bizi ahal izateko.
Jazarpen eta errepresio giro horretan, emakume batzuk alde egin behar izan zuten Beasaindik euren familiak hartuta – liburuko zerrendaren arabera, 25 izan ziren Beasaindik alde egindakoak–.
Beasainen egindako ikerlanaren beste emaitza bat izan da, alargunei egindako «memoria lapurreta» saiakera: «Fusilatutakoen alargunei euren senar-emazteen heriotzaz bertsio faltsuak emateko eskaintzak (ezkertiarrak hil zituztela), zenbait laguntzaren truke. Kasu horietan, askotan txirotasunean gelditutako alargunaren egoeraz baliatzea bilatzen zuten altxatuek».
Beasainen praktika horren kasu bat behintzat ezagutzera eman dute argitaratu berri duten liburuan: Agripina Polo Poloren kasua. «Emakume hori Francoren emaztearen lehengusina zen; haren senar Jose Maria Igartua eta bi seme, Isidro eta Hilario, hil zituzten eskuindarrek». Agintari frankistek, «Agripina Polori, bere senarra eta semeak ‘gorriek hil zituztela’ esaten baldin bazuen, bere egoera gainditzen lagunduko ziotela agindu zioten, beste semeek debalde ikasiko zutela, eta abar». Euzko Deya egunkariaren arabera, «semeak Italiara edo Alemaniara eramango zituztela ‘gizon egindako itzul zitezen’. Polok ezetz esaterakoan, ez zituela bere semeak frankisten esku utziko esatean, ‘ez zaitez ergela izan’ erantzun omen zioten». Agripina Polo gaztaina saltzaile moduan aritu zen Beasainen bizi ahal izateko. Alargun gelditutako familiek oso gaizki pasatu zuten; «seme-alabak eurek bakarrik hazi eta hezi behar izan zituzten eta horrez gain, agintarien etengabeko presiopean bizi behar izan zuten. Gainera, kontuan hartu, garai hartako gizartean, normalean, etxetik kanpoko lana gizonezkoek egiten zutela eta emakumezkoak lan merkatutik kanpo zeudela».
Bortxaketak
Beasainen bortxaketaren testigantzarik ez dute jaso, baina horrek ez du esan nahi ez zutenik egin. «Zaldibian, bi ume mairutxo jaio ziren, hau da, Francoren armada mairuak egindako bortxaketen ondorioetako bat huraxe izan zen. Lekukoen arabera, 1937an, han atseden hartzen ari ziren tropa frankistek bertako neskak jazartzen zituzten».
Beasainen 1936ko gerrak utzitako hildakoen zenbaki gordinak
Beasainen, 1936ko uztailaren 26ik 27ra bitarteko gauean, 35 pertsona hil zituzten (36. baten zalantzak oraindik ez dira argitu), Nafarroan uztailaren 18an altxatu eta Lizarrustitik, Etzegaratetik eta Otsaurtetik sartu ziren militar, errekete eta falangisten tropek, Pablo Cayuela teniente koronelaren eta Alberto Ruiz Moriones komandantearen agindupean. 1942ra bitartean, beste 16 pertsona (beasaindarrak edo Beasainen hilak) hil zituzten modu desberdinetan. Beste lau pertsona, gerraren eraginez hil ziren. Fronteko borroka armatuan, berriz, 30 pertsona hil ziren Errepublikari eusteko borrokan, gudari edo miliziano moduan; beste 34 beasaindar hil ziren altxatuen alde borrokatuz, bat desagertutzat eman zen eta beste 29 Beasainekin lotura zuten ingurukoak ere hil ziren.