Musika duten poemak
Patxi Ezkiagaren poemekin Blues bat bizitzari izenburupean antologia argitaratu dute Balea Zuria argitaletxekoek Legorretako Udalaren babesarekin. Euskal kulturari Ezkiagak egin dion ekarpena handia ...
Patxi Ezkiagaren poemekin Blues bat bizitzari izenburupean antologia argitaratu dute Balea Zuria argitaletxekoek Legorretako Udalaren babesarekin. Euskal kulturari Ezkiagak egin dion ekarpena handia izan da, eta argitaletxeak idazle legorretarra omentzeko eta egindako lanari balioa emateko modua da argitalpena. Gaur, azaroak 30, Legorretako Herri Antzokian aurkeztuko dute.
Pasa den ekainaren 28an hil zen Ezkiaga. «Azken liburu hau argitaratzeko lanean ari ginela gertatu zen. Dena den, berak jakin zuen liburu hau argitaratzekotan geundela, berarekin izan baikinen gure asmoa zein zen kontatu eta zer iruditzen zitzaion galdetzeko», adierazi du Juan Ramon Makusok, Balea Zuria argitaletxeko kideak.
Poesia, narrazioa eta nobela ere idatzi zituen, baina Makusok argitu duenez, «asmoa, hasieratik, Patxi Ezkiagaren poetika ez hain ezaguna ateratzea» izan da. Horretarako, «bere obra sakona aztertu» dute. Lanketa horretan, «bluesari eskainiak edota bluesaren giroan idatzitako poema dexente» dituela ikusi zuten. Izan ere, Ezkiaga musikazale amorratua zela kontatzen dute ezagutzeko aukera izan zutenek. Eskusoinua eta harmonika jotzen zituen. Horren harira, Peio Otxotekok Ezkiagari egindako bisita batean bizi izan zuen anekdota kontatu du editoreak: «Iaz, idazleen elkarteko Hegats aldizkarirako elkarrizketa egitera joan zitzaion Otxoteko eta Ezkiagak, esker onez, harmonika atera eta abesti bat jo zion».
Poemek musika zutela ikusita eta horrelako bizipenak gertatuta, izenburuan musikari erreferentzia egitea egokia zela pentsatu zuten argitaletxekoek. «Bere lana arretaz irakurri ondoren konturatu gara bluesak ze presentzia daukan bere poesian. Poemen izenburuetan ere, askotan ageri da bluesa. Beste batzuetan, poema bera zein doinurekin irakurri ere gomendatzen du. Horregatik guztiagatik, Blues bat bizitzari izenburua jarri diogu».
Liburua orain dela aste batzuk aurkeztu zuten Donostian, baina orain Ezkiagaren jaioterriko antzokian egingo dute, 19:00etan. Udal ordezkariak eta Balea argitaletxekoak ere egongo dira bertan. «Liburuaren nondik norakoak kontatzeaz gain, bibolinaz lagunduta poema errezitaldia egingo da», azaldu du Zelai Amenabarro Legorretako alkateak.
Herriko seme izendatutako Ezkiagari omenalditxoa egiteko baliatuko dute ekitaldia, eta sendia ere gonbidatu nahi izan dute hitzordu garrantzitsu honetara. Herritarrei ere Blues bat bizitzari liburuaren aurkezpenera joateko deia egin diete.
Legorretarra barruraino
Munduko gizona zen Ezkiaga, eta gaztetan utzi zuen Legorreta, bere jaioterria. Baina barren-barrenean eraman du beti eta horren adierazle ere bada iazko martxoan Legorretako Udalak argitaratutako Urrutiko lur hauek liburua.
Liburu horren aurkezpenean Ezkiagak berak hitz hauek eskaini zizkion herriari:«Legorretari eskainia da, izan ere nire mundua nire sei ideia nagusi hauen mundua, Legorretan sortua da, Legorretan hazia eta Legorretan datza momentu honetan bertan. Eztakizue ze ilusio egin didan, urduritasun ikaragarria sortu du nigan ekintza honek. Hau diferentea da! Ohituta nago irratian eta telebistan baina hau, hau diferentea da! Honek barrua jo dit eta sentitzen dut harro nagoela legorretarra izateaz eta herriari zor diodana, eman diodana baino gehiago da». Sentimendu hori berpiztu da gaur atzera.
Bibliografia
Patxi Ezkiagak bibliografia oparoa idatzi zuen. Hona zerrenda:
Poesia
- ‘Beldur naiz’. 1985
- ‘Aiodi herriko kantak’. 1986
- ‘Armaggedon’. 1986
- ‘Gernika’. 1986
- ‘Fadura’. 1987
- ‘Ispiluaren isladaketak’. 1988
- ‘Baladak’. 1990
- ‘Deabruaren eztarria’. 1990
- ‘Terrala’. 1990
- ‘Komediaren jainkoa’. 1993
- ‘Haize hurbila’. 1994
- ‘Zauriaren salmoak’. 1997
- ‘Udazkeneko hamar kanta’. 1999
- ‘Jaunarekin supazterrean’. 2003
- ‘Mahats denboran’. 2004
- ‘Oteiza profetaren 14 hitz’. 2012
- ‘Ez izan beldur’. 2013
Narrazioa
- ‘Uso bat gehiago’. 2013
Nobela
- ‘Charles Moulay’. 1990
- ‘Bi zisneen hegada’. 1992
- ‘Zure haragi bereko’. 1996
- ‘Bigarren haurra’. 2002
- ‘Munduaren amaierako kalea’. 2003