Historia luzeko eraikina
Ormaiztegiko Eskola Zaharrak Gizarte Etxea inauguratu zuten azaroaren 17an. Ormaiztegiko euskalkian idatzi eta irakurri zuen Aranguren-txiki baserrian jaio eta bizi den Edurne Elortzak ...
Ormaiztegiko Eskola Zaharrak Gizarte Etxea inauguratu zuten azaroaren 17an. Ormaiztegiko euskalkian idatzi eta irakurri zuen Aranguren-txiki baserrian jaio eta bizi den Edurne Elortzak testua inaugurazio ekitaldian. Batuan jasotzen da artikulu honetan:
“Eraikin honek oroitzapen asko ekartzen dizkit. Nire haurtzaro eta nerabezaroko eskola izan zen. Beste askorena ere bai, tartean, nire aitarena.
Eskola ez ezik, elkargunea zen, herriko haurrek elkar ezagutu, eta orain esaten den bezala, sozializatzeko gunea. Ormaiztegi herri bezala ez da handia, baino industriari esker gaur egun ia desagertuta dauden auzoak zituen kanpoaldean, baserriak ere sakabanatuta, eskolari esker biltzen ginen haurrak eta elkar ezagutu. Guretzako gune garrantzitsu eta esanguratsua izan zen, eta oraindik ere halaxe da. Askok eta askok hemendik lan mundura jauzi egiten zuten zuzenean, beste batzuk goi mailako eskoletara edo unibertsitatea. Baino oinarri-oinarrizko hezkuntza hemen jaso genuen.
Nire oroitzapenek 1960ko hamarkadara eramaten naute. Urte nahiko gogorrak bai eskolan bai kanpoan. Erdaraz ikasten genuen, eta dena, buruz. Enciclopedia Alvarez liburua izaten genuen ikasgai nagusia. Matematikak, berriz, tapa berdedun Bruño liburuarekin. Eraiki honek hiru leku ezberdin zituen: alde batean, mutilen eskola; erdian, maisu etxea izandakoa; eta beste aldean, nesken eskola. Orain bezalaxe, sarrera kamiño aldetik. Jolas tokiak atzealdean. Patio edo jolastoki estalia, eta beste bat zelaia. Bi eskolak pareta batekin zeuden banatuta, eta mutilek eta neskek ez genuen ez jolas ez ikasi elkarrekin egiten.
Neskentzat ikasgaiak honela banatzen ziren: goizetik asteleheneetan Lengua Española; astearteetan, matematikak Bruño liburuarekin; asteazkenetan Geografia; ostegunetan Historia de España; ostiraleetan, Ciencias Naturales. Arratsaldeetan, berriz, Labores izaten zen gure eginkizuna; josten, bordatzen, gantxilloa edo puntua egiten pasatzen genuen arratsalde osoa; ostegunetan izan ezik, egun horretan Dibujo tokatzen zen. Larunbat goizetan ere joaten ginen, eta orduan eskola garbiketa tokatzen zen, eta Religion, hurrengo igandean elizan tokatzen zen Evangelioko irudia marraztu eta idatzi.
Lehen esan dudan bezala, dena erdaraz. Ez genuen arazorik izan horrekin. Ormaiztegi herri industriala zenez, Espainiako zenbait herrialdetatik etorritako etorkin asko zegoen, eta elkarrekin ikusi genuen erdara. Ez zen soinketa egiten, kirolik ere ez. Atzeko patioan errekreo garaian soka saltoan eta goman saltoka ibiltzen ginen. Handixeagoak egiten ginenean, kamiñora irten eta Brile-n jokatzen genuen. Hori bai, neskak bakarrik. Musika, berriz, parrokiko saloian ikasten genuen Don Jose Maria apaizarekin, baina ez eliza kantak, euskal kantak baizik. Dotriña ere asten bitan ematen genuen. Eskolara uniformea jantzita joaten ginen. Neskena beltza izaten zen, lepoko zurikin eta zinta gorri batekin bular gainean eta poltsikoetan. Mutilena, berriz, urdina eta zuria, marraduna.
Anekdota bezala esango dizuet guretzako Euskal Herrian ez zela ez mendirik ez errekarik. Guri behintzat ez ziguten bat bera ere irakatsi. Egia esan, Euskal Herrian bera ere ez zen existitzen, izan ere, beste urte batzuk ziren. 1970ko hamarkadan gauzak pixkanaka aldatzen hasi ziren, ikasgeletan neska-mutilak elkarrekin, lanean eta jolasean. Beste giro bat sortu zen, ez zeukan zerikusirik lehengoarekin.
Geroztik eraikin hau kultur etxe bezala erabili izan dugu: liburutegia, inglesa ikasteko gelak, gimnasia egiteko aukera, anbulategia ere egon zen bertan, jubilatuen egoitza eta taberna, gaztetxea, zenbat gauza ikusi ditugun bertan! Urteak pasa, eta hara! Berriz ere eskolara bueltatu naiz. Orain dela 13 urte herriko abesbatza sortu genuen, Urmaiz abesbatza, eta gure eskola zaharrean ikasi, entseatu eta prestatu ditugu hainbat kontzertu, zartzuela eta ikuskizun. Mota guztietako ikasgai eta kultura landu izan dut eraikin honetan”.