Kiroldegia birmoldatzeko bi faseri helduko diete Lazkaon
Udalak 7,7 milioiko aurrekontua izango du 2019an. EAJk alde eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. Igerileku estaliaren aldea berritzeko 4,2 milioi bideratu dituzteLazkaoko Udalbatzak azaroaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. Dene...
Udalak 7,7 milioiko aurrekontua izango du 2019an. EAJk alde eta EH Bilduk aurka bozkatu dute. Igerileku estaliaren aldea berritzeko 4,2 milioi bideratu dituzte
Lazkaoko Udalbatzak azaroaren 27ko osoko bilkuran onartu zuen 2019rako udal aurrekontua. Denera 7.679.842 euro izango ditu udalak. Inbertsioetarako 1,3 milioi bereizi dituzte. Baina obra handi bati bidea emateko diru-funtsa ere bideratu dute: Barandiaran Kiroldegia berritzeko hurrengo bi faseetarako 4,2 milioi onartu dituzte.Eztabaidatsua izan zen udalbatzarra. Desadostasunak izan zituzten bi udal taldeek hainbat gaitan. Kreditu aldaketa, 2019ko aurrekontua, lantalde organikoa eta Aralarko ordezkariaren babes mozioa EAJren aldeko botoekin (7) onartu ziren; EH Bilduk aurka bozkatu zuen horietan (5, zinegotzi bat falta zen).
Kiroldegiko hurrengo bi faseak barruko igerilekua eta aldagelak eraikitzea izango da; 18-20 hil beharko dira. 675.000 eta 3.440.000 euroko bi kreditu aldaketa onartuta hornitu du udalak obra hori. EH Bilduk «aurtengo 7. kreditu aldaketa» dela kritikatu du. Proiektuarekin ados etorri arren, «hainbeste diru» hala bideratzea ez du «bidezko» ikusi, eta «gogoeta» eskatu du.
Ogasun batzordeburuak argitu du Iturrialdeko garapenagatik udalak izan duen diru sarrerari kreditu aldaketa eta gehikuntza bidez dagoela «legez» sarbidea eman beharra. Eztabaida luzea eragin du gai estrategikoen erabakiak nola hartu behar diren.
Kaleak eta azpiegiturak
Aurrekontuak aurkezteko unean, alkateak inbertsio nagusiak zerrendatu zituen. Kale berrikuntzarako, azpiegituretarako eta ekipamenduetarako izango dira jarduera gehienak 2019an.
Tartean, Gurutze auzoan lurpeko garajeen eta gainazalaren urbanizazioari jarraipena ematea aurreikusi du, «2020an pauso bat gehiago emateko». Aurten hasi da Gurutze 1-2 dorreen artean lehen fasea. «Oraingoa egindakoan», bigarren fasea prestatzeko 150.000 euro bereizi dira (denera 875.000 kostako da).
EH Bilduk kontuen aurka bozkatu du, «aurrekontuak fikzio bihurtu» direla eta «gehiengoa erabilita» gero «nahi erara moldatzen» direla leporatuta.
Aurrekontuak «errekurtsoen» arabera onartzen direla, baina exekutatu ahala aukera berriak etortzen direla erantzun du EAJk: «Aurreikusi baino diru sarrera gehiago daude, eta urtean zehar aldaketak egitea eskatzen du horrek. Kudeatzeko modu egokiena hori da».
Lantalde organikoaren eta lanpostu zerrendaren gaiak ere ez du adostasunik izan. Kiroldegiko harrerako lanpostua amortizatu egin du udalak. Udal langile batek betetzen zuen postua, jubilatu zen arte. Orain, zerbitzua ematen duen enpresak funtzio hori hartzekotan utzi da.
EH Bilduk kritika egin dio: «Egiturazkoa izan litekeen lanpostu bat kentzen da, azterketa egin aurretik. Lanpostu publikoak sortu ordez, zeharkako enpresek betetzea norabide txarra da».
Alkateak erantzun dio Lazkaoko Udala «adibidea» dela administrazioko langileriaren ikuspegitik. «Administrazioa ez da helburua, zerbitzuak emateko tresna baizik. Lanpostu bat funtzionarizatzen bada, ez da urte bakarrerako dirua ixten ari, hamar urterako baizik. «Azterketa egin ondoren» berrikusiko da funtzionarizazioa. 2006an berrikusi zen, orain hurrena.
Urteko azkeneko ohiko bilkura abenduaren 18an izango da.













