Lasterketaren ibilbideak bost kilometro inguru izango ditu. Dagoeneko 50 bat lagunek eman dute izena. Tabernarien eta merkatarien babes handia jaso du egitasmoak
Legazpiko San Silbestrea iragartzeko kartelerako ateratako argazkia.
Abenduaren 31n Legazpin ere izango da aurten San Silbestre lasterketa egiteko aukera. Lehenengo aldia da antolatzen dutela. Hain zuzen, Gaizka Romeroren (Legazpi, 1984) ekimenez bilduko dira lasterkariak urteko azken egunean, 17:00etan, Kale Nagusiko irteeran.
Romerok azaldu duenez, «23 urte dira korrika egiten dudala. Aurten aita izan naiz eta gogoa baretu egin zait nonbait. Hala nengoela San Silbestre lasterketa antolatzea otu zitzaidan, nire burua eta legazpiarrak ere motibatzeko». Pentsatu eta egin. Poliki-poliki hasi zen Romero Legazpiko dendetan, tabernetan eta lagunen artean lasterketa egiteko aukera zabaltzen. «Guztiei ideia oso ona iruditu zitzaien», dio Romerok.
Behin martxan jarriko zuela erabakita, egunero zer edo zer egin duela dio, «babesleak bilatu, opariak hartu eta abar». Legazpiko denden eta tabernen laguntza «pasada bat» izan dela adierazi du. Halaber, San Silbestre lasterketa egingo denaren iragarpena zabaltzen ibili da, kartelen eta beste bide batzuen bidez.
Ibilbidea
Lasterkariek Legazpi bertako zirkuitu bat beteko dute. Bost kilometro inguruko ibilbidea izango da. Bi itzuli egingo dituzte; bata luzeagoa eta bestea laburragoa. Kale Nagusian hasi eta Laubidera igoko dira, hango oinezkotik Murura, handik Juanastegira, Itxaropenera eta Gaztetxeko aldapatik jaitsita, Bikuña zelaiko atletismo pistari buelta bat emango diote. Gero, Aizkorri kaletik Kale Nagusira eta aurrera egingo dute bigarren itzulia, laburragoa dena betetzeko. Bigarren itzulian Laubidetik Santikutz egoitzara jaitsiko dira eta Jaunastegitik Itxaropenera, handik Gaztetxeko aldapara eta Kale Nagusiko helmugara egingo dute.
Dagoeneko 50 legazpiarrek eman dute izena. Nolanahi ere, abenduaren 12an eta 13an Karibe Berri tabernan izena emateko aukera egongo da, 16:00etatik 17:00etara. Lasterketaren egunean bertan, hasi baino ordubete lehenago ere hartuko dituzte izenak.
Sari ugari
«Guk aurten proba egin nahi dugu ea legazpiarrak animatzen diren; hala balitz jarraituko genuke antolatzen. Animatu ez bakarrik korrika egitera, antolatzen laguntzera ere bai», erantsi du Romerok. Izan ere, antolaketa lana ez da nolanahikoa izan.
Helmuga zeharkatzen duten hiru lehenengo lasterkariek garaikurra jasoko dute, lehenengo legazpiarrek ere bai; lehen neskak eta lehen mutilak. Mozorro politena daramanak saria jasoko du eta lehenengo bikoteek ere bai, lasterketa bikoteka egiteko aukera izango baita. Aparteko saria jasoko du helmugaratzen den azken korrikalariak.
Sari horiek guztiak babesleei esker emango dituztela nabarmendu du Romerok eta Legazpiko Udalari eta Lana Oñatiko enpresari aipamen berezia egin die.