Estatuak aginduta, 3×2 metroko banderak jarri dituzte Urretxun
Urretxuko Udalak 3,24 metro zabal eta 2,16 metro altuko banderak jarri ditu udaletxeko balkoian, epaileen aginduz. Aurreko legealdian gobernu taldeak Espainiako bandera jartzeko aginduari urretxuar guztien jatorrizko nazioen banderak jarrita
Urretxuko Udalak 3,24 metro zabal eta 2,16 metro altuko banderak jarri ditu udaletxeko balkoian, epaileen aginduz.
Aurreko legealdian gobernu taldeak Espainiako bandera jartzeko aginduari urretxuar guztien jatorrizko nazioen banderak jarrita erantzun zion eta gobernu ordezkariak Estatuko abokatuari jakinarazi zion.
Epaileak 3×2 metroko banderak jartzeko agindu zion udalari eta honek helegiteak aurkeztu zituen.
Abenduaren 3rako aipatutako tamainako Espainiako bandera jartzen ez bazuen, alkateak auzitara eramango zuten. «Beste udaletxe batzuetan jarri dituzten banderak jarri genituen, baina ez zen nahikoa izan. Ezaugarri oso zehatzak dituzten banderak jartzera behartu gaituzte», aipatu du Jon Luqui Urretxuko alkateak.
Banderak oso handiak dira. «Aurreko legealdian hartu zen erabakiagatik, inork baino bandera handiagoak jarri behar izan ditugu. Fatxada erdia estaltzen dute. Baina inor ez da kartzelara joan gai honengatik eta ez naiz ni izango joango dena. Guri gertatu zaiguna beste udal batzuei ere gertatu behar zaie. Araudia Franco garaikoa da», salatu du.
Tamaina horretako banderak ez dituzte edonon saltzen eta Bartzelonako enpresa bati eskatu dizkiote. 800 euro kostatu dira.