Gainzuri ikastetxearen bultzadatxoa euskarazko prentsari
Euskarak euskal prentsa behar du eta euskal prentsak irakurleak behar ditu. Goierriko ikastetxeak Berria, Goiberri eta Goierriko Hitzaren harpidedunak dira eta egunkariak eskola material gisa erabiltzen dute. Albisteak aztertzen dituzte,
Euskarak euskal prentsa behar du eta euskal prentsak irakurleak behar ditu. Goierriko ikastetxeak Berria, Goiberri eta Goierriko Hitzaren harpidedunak dira eta egunkariak eskola material gisa erabiltzen dute. Albisteak aztertzen dituzte, ikasleen artean irakurzaletasuna eta izaera kritikoa bultzatzeko. Urretxu eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeak euskal prentsa ikasleen etxeetara ere eramaten du:?urtero Goierriko Hitzaren lau harpidetza zozkatzen ditu familien artean.
Lau harpidetzak zozketan parte hartzeko izena ematen duten familien artean zozkatzen dituzte. Aurtengo irabazleak Maialen Segurola, Aimar Arbizu, Julen Mateos eta Jon Gonzalo dira. Arbizuk 10 urte egin zituen atzo eta LHko 5. mailan dago. «Ez dut egunkaria irakurtzeko ohiturarik, baina uda honetan pixka bat irakurri dut». Mateosek 7 urte ditu eta 2. mailan dago, Segurolak 8 urte ditu eta 3. mailan dago eta Gonzalo taldeko txikiena da:?5 urte ditu. Hiru hauek gazteegiak dira oraindik egunkaria irakurtzeko, baina datorren urtean asteartetik ostiralera Hitza etxean jasoko dute. Eta ikusten dena maitatzea errazagoa da.
Andres Mena Hizkuntza Normalkuntzarako Batzordeko kideak beraien helburuetako bat euskal prentsa babestea dela dio. Izan ere, euskal prentsa babestuz, euskararen erabilerari bultzadatxoa ematen ari dira. «Ikastetxe honetan euskararekiko dugun konpromisoa handia da. Hizkuntza Normalkuntza Batzordeko kideok jo eta fuego gabiltza, kalean eta eskolan egoera zein den ikusita. Euskararen ezagutza handia da, baina erabilera ez horrenbeste. Gure ekimenetako bat Goierriko Hitzaren lau harpidetza zozkatzea da».
Egunkaria urtebetez doan jasoko dute. Goierriko albisteak euskaraz irakurtzeko aukera edukiko dute eta, beharbada, egunkaria ezinbesteko bihurtuko zaie. «Ekintza polita iruditzen zaigu. Batzuk Hitza ezagutzen dute, baina beste batzuk ez. Hasteko, ezagutzera emateko emateko balio du. Euskal prentsa irakurtzera ohitzen badira, hobeto. Ez da ekintza ponposo bat, baina euskal prentsaren aldeko apostu bat da».
Hitzaren lau harpidetza zozkatzeaz gain, egunero Berria eta Hitza jasotzen dituzte eta ostiraletan baita Goiberri ere. «Ikasleek egunkariak egunero eskura dituzte eta, ahal dugun neurrian, eskoletan artikuluak irakurri eta aztertzen ditugu. Beraiekin zerikusi zuzena duten albisteak lantzen ditugu batez ere.
Programaziotik kanpo dago, baina ahalegina egiten dugu. Izan ere, gure ustez, egunkarian beraien lagunak edo ezagutzen duten jendea ikusteak egunkariak irakurtzera zaletzera eraman ditzake», amaitu du Gainzuri ikastetxeko irakasleak.