Torto, Gabonetako ibilaldi mitologikoa, Lizarrusti inguruko basoetan.
Jentilbaratza Ataungo kultur elkarteak urteak damaratza mitologiaren eta iraganeko sinesmenen inguruan lanean. Sinesmen horiek pisua galtzen ari direla, baina gure izaeraren oinarria direla diote.
Kerman Garralda Zubimendi
Neguko solstizioa dela, negua hasten dela, Gabonak direla… abenduak badu mistika berezi bat. Amaiera da, baina hasiera ere bai. Urteak aurrera egin ahala, iraganeko mitologia eta antzinako sinesmenak atzean gelditzen ari dira, baina, garai bateko kontuak puripurian mantentzen dira Ataunen. “Herriko gazteak gainerakoekin alderatuz gero, nabarmena da gaiari buruz jakinduria handiagoa dutela”, azpimarratu du Jon Aizpurua Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideak. Mitologiaren eta garai bateko sinesmenen transmisioari eusteko lan eskerga egiten du elkarteak urte osoan.
“Ataunek betidanik izan du harreman estua ipuin, kondaira, mito zahar askorekin. Kobazuloak ere asko dira inguruko mendietan, eta horietan izaki mitologikoak bizi zirelako sinesmena indartsu heldu da guganaino, belaunaldiz belaunaldiko transmisioari esker”, azaldu du Aizpuruak. “Herriko baserrietan aitona-amonek bilobei kontatzen zizkieten istorioetan presente zegoen gai bat zen”. Hari hori eten ez zedin, hainbat herritar elkartu ziren, 37 urte atzera.
Beste ekintza askoren artean, Olentzeroren etorrera antolatzen dute abenduaren 23an, Barandiaran fundazioarekin batera. “Lizarrustiko parketxean egiten diogu ongietorria. Umeek irrika handiz bizi izaten duten eguna da, eta giro berezia sortzen da. Oso polita izaten da”. Aurretik, txango bat egiten dute garai bateko kontu zaharrak eta pertsonaiak ezagutuz, eta Olentzeroren etorrera izaten da errematea. “Ataunen Olentzerok ez du tradizio handirik, baina Gabonak beti ospatu izan dira. Taldeak aspalditik irteten dira kantuan, baserriz baserri, gabon eskean. Egun bereziak dira denontzat, eta eusten zaie ohitura zaharrei”.
Olentzero eta Maridomingi, haurrez inguratuta, Lizarrusti inguruko basoetan.
“Ataunen Olentzerok ez du tradizio handirik, baina Gabonak beti ospatu izan dira”
“Tradizioa trasmititu da, eta ohitura batzuk mantendu dira, nahiz eta asko antzerki bilakatu den”
Jon Aizpurua. Jentilbaratza kultur elkarteko kidea
Aizpuruak onartu du ohitura zaharrak berritzen badira ere, Gabonak asko aldatu direla garai batetik ona. “Iraganean bizitzari, heriotzari edota munduari buruzko sinesmenak askoz errotuagoak zeuden, eta benebenetan bizi zituzten festak. Fededunentzat ere egun bereziak ziren. Orain, familia giroko festak bihurtu dira gehiago”. Eta gaineratu du: “Tradizioa transmititu da, eta ohitura batzuk hortxe mantentzen dira, nahiz eta asko antzerki bilakatu den”.
Aldaketa ulergarria da Jentilbaratza Kultur Elkarteko kidearentzat. “Zientziari esker, gure ingurua hobeto ezagutzen dugu, eta ez ditugu behar garai bateko ipuin harrigarri edo izaki beldurgarriak. Mundu ikuskera hori zapuztu egin du zientziak”, esan du Aizpuruak. Eta beraiek ez daude zientziaren aurrerapenen kontra, baina ez dute nahi arbasoen mundu ikuskera ahazterik. “Orbela haizeak eramaten duen bezala joango dira garai bateko sinesmenak, eta, orduan, oinarririk gabe geratuko gara. Beste kulturetatik datozen ohiturak hartzen ari gara, eta hemengoa izan denari eustea guri dagokigu”.
Jentilen Etorrera
Jentilbaratza Kultur Elkartearen ibilbidea 1981. urtean hasi zen; Jentilen Etorrera irudikatu zuten orduan. “Hastapenetan, oso ekitaldi xumea zen. Jentilak menditik behera herrira etortzen ziren, eta kristauek ongietorria egiten zieten. Alkateak eta apaizak beraien sermoia egin ostean, denon arteko dantzaldi batekin amaitzen genuen gaua”. Aizpuruak azaldu duenez, lehen ekitaldi hartatik izan da arrakastatsua jentilen jaitsiera, herrian mitologia bizi-bizi duten seinale.
Urtez urtez handituz eta hobetuz joan da Jentilen Etorrera, kultur elkartearen ekintza nagusi bilakatu arte. “1991n antzerkia gehitu genion ikuskizunari. Hau da, jentilen etorrera baliatuta, ipuin edo mito zahar bat antzezten dute urtero herritarrek”. Jauzi horrek, baina, esfortzu handiagoa eskatzen zien antolatzaileei. “1995ean, ikuskizuna kiroldegira lekualdatu genuen. Kalean egiteko baino erosoagoa zen, bereziki soinu eta argiztapen aldetik. Gainera, arropa bereziak egiten hasi ginen, gidoiak idazten eta lantzen… Ikuskizuna geroz eta handiagoa zen, baina lana ere geroz eta gehiago pilatzen zitzaigun”.
2005. urtetik hona bi urtez behin jaisten dira jentilak Ataunera. “25. edizioa egitean erabaki genuen lan zama arintzea. Halere, Jentilbaratza Kultur Elkarteak beste hainbat ekintaldi ere antolatzen ditu, eta beti izaten da zeregina”. Esaterako, gau ibilaldi mitologikoa antolatzen dute uztailean. “Jentilen Etorrerak Ataundik kanpo ere arrakasta handia izan du azken urteetan, eta eskaintza zabaltzeko asmoz antolatzen dugu ibilaldia”.
Era berean, Ohitura Zaharren Eguna ere antolatzen dute Jentilen Etorrerarekin txandakatuz. “Ohitura Zaharren Eguna garai bateko lanbide eta bizibideei keinu bat da. Gure aurrekoei errespetuz eta begirunez gugatik egin dutena eskertzeko modu bat. Iragana ahaztu gabe gaurkoei garai hura gogorarazteko eta ezagutzeko modu bat”.