Korostiko parkea pertsonal faltagatik itxita egon dela salatu dute Legazpiko suhiltzaileek
Korostiko suhitzaileen parkea itxita egon da asteburuan, 24 orduz, pertsonal faltagatik. Hala salatu dute Legazpiko Suhiltzaileek herriko alkateari bidalitako ohar baten bidez. Sufritzen duten egoera, eta horren ondorioz 40.000 lagun zerbitzurik gabe utzi beharra salatzen dute bertan.
Suhiltzaileen etxea 14:00etatik 14:00etara (24 orduz) itxita egon zen, bertako lau suhiltzaileek “Eibar eta Zarautzeko parkeetako lan txandak osatu eta Oñati eta Ordiziako parkeetan errefortzu gisa” erabili zituztelako. Hala, parketxearen itxiera “erakunde eta politikoen konpromiso ezari” egotzi diote suhiltzaileek.
Legazpiko suhiltzaileek azaldu dutenez, “behin eta berriz” eskatu diote Foru Aldundiari suhiltzaileen plantilla handitu dezala. 2007an akordio batera iritsi ziren; suhiltzaileak soldataren %15a murrizteko prest agertu ziren, eta trukean, txanda bakoitzeko suhiltzaile bat gehituko zuen aldundiak. Akordio hori 2010ean jarri zen indarrean, baina “interbentzio gehienen kasuan suhiltzaile etxeetan ezarrita dagoen txanda nahikoa ez” dela salatu diote. Ezarrita dauden lan txandak askotan ez dira adostutako gutxienekora iristen, suhiltzaileen arabera, eta “hutsune horiek beste txandetako lankideen elkartasunez” bete izan direla azaldu dute. Gainera, egutegiz kanpoko 2000 ordu inguru pilatu dituztela ohartarazi dute, gutxieneko txandak mantzeko “modu sistematiko eta solidarioan” lan egin behar izan dutelako.