Mikel Aiestaran kazetaria izan da aurten txotx denboraldia zabaltzearen ardura izan duena. // A. Vierbücher
Santa Lutzi egunean batzuen, errege egunaren ondorenean besteek. Goierriko sagardotegiek datozen asteetan ekingo diote txotx denboraldiari. Goitur turismo agentziak antolatutako irekiera ekitaldi ofiziala, ordea, urtarrilaren 17an egingo dute, Zerainen. Urtez urte sagardotegi batean egiten dute ekitaldia, txandaka, eta aurten, Oiharte sagardotegian bilduko dira Goierriko ekoizleak.
Euskal Herri mailan 11,7 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte aurten; horietatik 11 milioi, Gipuzkoan. Izan ere, sagardo ekoizpen handiena duen lurraldea da. Sagardogileen Elkartearen arabera, “aurtengo uzta berezia” izan da, “oso mailakatua eta banatua” izan delako. “Espero bezala, lore garaian egindako eguraldi busti eta hotzek polinizazioa nekeztu dute, erleen ibilera ez delako behar bezalakoa izan. Ondorioz, lore polinizazio gutxiago izan dugu eta uzta gutxiago”. Hala, sagarra “ohi baino lehenago” iritsi dela diote. Usaimenari dagokionean, “intentsitate handikoa” dator, gorpuzdun sagardoak aterako dira, alkohol mailan 6,5º ingurukoak.
Goierrin sagardoa ekoizten duten zazpi sagardotegi daude: Altzagako Olagi, Ataungo Urbitarte, Legorretako Aulia, Olaberriako Etxe Zuri, Ordiziako Tximista eta Zeraingo Oiharte eta Otatza.