Josune Albisuk Lazkaon aurkeztu du 'Non dago Mikel Laboa?' liburua
Musikaz, euskaraz eta sormenaz zeukan jakinminak Mikel Laboaren figura ikertzera bultzatu zuen Josune Albisu Barandiaran (Lazkao, 1964). Antropologiako doktore-tesirako kantari donostiarraren pertsona, lana eta sorkuntza xehetu zuen. Orain, liburu batean argitaratu ditu tesirako bildutako gaiak eta iturriak: Non dago Mikel Laboa? (EHU, 2018). Aurreko asteazkenean Durangoko Azokan aurkeztu ondoren, atzo sorterrian izan zen, eta Gerriko liburu-dendan eman zituen xehetasunak.
Hiru “arrazoi” horiek Mikel Laboarengan aurkituko zuela “argi” zeukan Albisuk. Laboa 2008an hil zen, eta 2007an ekin bazion ere tesiari, etenaldi batzuen ondoren, 2012an elkarrizketatu zuen Marisol Bastida, Laboaren emaztea. Hark eman zizkion nondik norakoak sartu ditu liburuan, baita Iñaki Salvador musikari-kolaboratzailearenak (1984tik aurrera, 25 urtez ibili zen Laboarekin) eta Iñaki Arkarazo Kaki musikari lazkaotarrarenak ere (lehengusua du Albisuk).
Harilkatzailea eta tematia
“Pertsonak, diziplina desberdinak, garai eta adin askotako jendea harilkatzen jakin zuen Mikel Laboak”, ebatzi du Albisuk. “Orain, gure lana da datozenei erakustea. Laboak argi esaten zuen: ‘gure iragana zein izan zen jakin behar dugu, etorkizuna eraikitzeko’. Guk jakin behar dugu gure erreferenteak ondorengoei transmititzen ere”.
Sorkuntzaren arloan, musika esperimentalaren arloan Laboak egindakoa “ekarpena” dela ziurtatu du ikertzaileak. “Tematia zen. Aulki zerbezero deitzen zitzaion haren gainean hanka jarrita, nahiz aurrean gazteek barre egin, bereari eutsi zion. Gero ikusi da zer lan egin zuen. Musikaren bidez mundu justuago bat egitea zen haren desioa; gaztetan hartu zuten konpromiso hori Mikel Laboak eta Marisol Bastidak, biek”.
Sormenaren arloan, “bakarrik” konposatzen zituen abestiak. “Gero Marisoli erakusten zizkion, baina jada gauzak garbi zeuzkanean. Besteei gustatu ala ez, berdin zitzaion”. 1958an erabaki zuen euskaraz abestuko zuela. “Brasens, Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parra ziren bere erreferenteak”.
Sortzaile “ausarta” zen, eta “benetakotasuna” zeukana. “Komunikazio-inkomunikazioa piezan egiten zuena ez zen postureoa. Askatasunez egin zuen nahi zuena, bere ekarpena egiteko. Jolas egiten zuen, garrasiekin, hitzekin, hotsekin. Haurren neuropsikiatra zen lanbidez, eta Piaget asko irakurri zuen. Haren sormen eta irudimen ideiak asko landu zituen”.
Anekdota batzuk ere kontatu zituen. Iñaki Salvadorrek oroitzen zuen bat. “Beti urdin jantzita ibiltzen zen Laboa. Lehen kontzertuan Salvadorrekin, arropaz aldatzera zihoala esan zion. Komunera sartu, eta berdin-berdin atera zen. Jertsea pixka bat lisatuta. Zapatak bai, aldatzen zituen. Kontzertuetarako zapata mokasinak jazten zituen”. Baina, oroz gain, “berritzailea” izan zen Mikel Laboa (Donostia, 1934–2008).