Bilboko Ingeneriatza Eskolan masterreko bigarren urtea egiten ari da Martin Diez Virto (Segura, 1995) eta Malaysian ari da ikasten. Abuztuan joan zen eta otsail hasieran itzuliko da Segurara.Malaysiara ikastera joan eta mendi lasterketetan jarraitzen d...
Bilboko Ingeneriatza Eskolan masterreko bigarren urtea egiten ari da Martin Diez Virto (Segura, 1995) eta Malaysian ari da ikasten. Abuztuan joan zen eta otsail hasieran itzuliko da Segurara.
Malaysiara ikastera joan eta mendi lasterketetan jarraitzen duzu. Bi proba irabazi dituzu dagoeneko.
Bi lasterketetan parte hartu dut: bata Janda Baik Ultra eta bestea Malaysia Mountain Trail Festival. Distantzia aldetik lasterketa antzekoak izango zirela uste nuen, baina guztiz lasterketa ezberdinak izan ziren biak, bai desnibel eta ibilbide aldetik. Janda Baik Ultra lasterketa urriaren 20an izan zen, 30,5 km eta 800 metroko desnibel positiborekin. Malaysia MauntainTrail Festival, abenduaren 1ean izan zen, 35 km eta 2.400 metroko desnibel positiboarekin. Bietan lehen postua lortu nuen. Lehenengo lasterketa burutzeko bi ordu eta erdi behar izan nituen, bigarrenerako ia bost ordu eta laurden.
Euskal Herrian bezalako zaletasuna dago?
Badirudi mendi lasterketak gauza nahiko berria direla Malaysian, eta orokorrean, Asia osoan. Goraka doan kirol bat dela esango nuke, izan ere lasterketa kopurua urtetik urtera gora doala esan didate bertako korrikalariek. Zaletasunari dagokionez, ez dago euskal zaletasunarekin alderatzerik. Nahiko kirol berria denez korrikalariez eta hauen gertukoez gain, jende gutxi hurbildu izan da nik parte hartu dudan lasterketetara. Aipatu behar da hemen ez dela batere erraza mendira joatea, oihana nahiko itxia da eta ez dago bide asko mendira hurbiltzeko.
Nolako mendiak daude?
Uste baino mendi gehiago dago herrialde honetan. Herrialdeko mendi altuena 4.000 metro baino gehiago dituen sumendi bat da. Hala ere, Kuala Lumpur inguruko mendiak ez dira oso altuak, altuena 1. 500-bat metro ingurukoa da. Mendi ugari dagoen arren, zaila da hauetara hurbiltzea eta igotzea. Mendira joateko zaletasun gutxi dago eta oihana oso itxia denez, bidea topatzea zaila da. Dena den, pare bat mendi igo ditut hiri inguruan.
Zer moduzko herrialdea iruditu zaizu Malaysia?
Orokorrean asko gustatu zaidan herrialdea da. Herrialde askotako jendea bizi da eta beraien arteko harremana oso ona da. Gainera, jendea oso irekia da eta beti dago laguntzeko prest. Gehien harritu nauena jendearen laguntzeko jarrera da. Bestetik, kultura eta janaria ere asko gustatu zaizkit, Kuala Lumpur hiri oso handia izanda, denerako aukera dago eta ia dena eskura daukat.