Bartzelonan bizi da Beñat Olea (Legazpi, 1987). Diseinatzaile grafiko gisa egiten du lan eta ilustratzaile lanetan aritzen da bere kontura. 'Ajuar funerario' komikia ilustratu du.Nolatan Bartzelonan?Arte Ederrak ikasi nuen Bilbon eta gero bost urtez g...
Bartzelonan bizi da Beñat Olea (Legazpi, 1987). Diseinatzaile grafiko gisa egiten du lan eta ilustratzaile lanetan aritzen da bere kontura. ‘Ajuar funerario’ komikia ilustratu du.
Nolatan Bartzelonan?
Arte Ederrak ikasi nuen Bilbon eta gero bost urtez geratu nintzen han. Diseinatzaile grafiko gisa aritu nintzen lanean, baina lan etorkizuna han finkatzea ez zitzaidan erraza egin. Hala, ilustrazioari eta komikiari buruzko graduondoko bat ikastera etorri nintzen Bartzelonara ateak irekiko zizkidanaren itxaropenarekin.
Ateak ireki zizkizun?
Bai. Diseinu grafikoan lanean ari naiz eta ilustratzaile
freelance-a naiz. Umeentzako ipuinak irudiztatu, nobelaren bateko azala eta Elbereth Legazpiko musika taldearen azken diskoaren azala egin ditut, besteak beste.
Lan horiez gain, Euskal Herrian ditudan kontaktuekin bideo jokoen estudio
indie bat sortu genuen.
Zer da estudio ‘indie’ bat?
Estudioarekin ez genuen dirurik ateratzen. Guztira sei lagun aritu gara.
Demo batzuk egin genituen eta haietako batekin PlayStation Talent lehiaketako finalaurrekoan sartu ginen eta Bartzelonan iaz egindako Games World-en gure lana erakutsi genuen.
Estudioan gure aisialdian lan egiten genuen, gerora urtu egin da taldea, baina programatzailearekin harremana daukat eta orain Zumarragako Udalarentzat birziklapenaren inguruan gazteak kontzientziatzeko bideo joko bat sortzen ari gara. Nire lana jokoaren estiloa finkatzea da.
Ilustratzaile gisa zure kontura zabiltza, etxean egiten duzu lan?
Bai, globalizazioaren abantaila da etxetik lan egin dezakegula eta oso praktikoa dela. Ni Arte Ederretatik nator eta margolanak zein ilustrazioak era tradizionalean egin izan ditut. Aitzitik, orain, publikatzera doan guztia digitalizatuta doa eta ordenagailuz lan egiten dut.
Sormen lanak ez al du xarmarik galtzen?
Xarma duena irudia bada ez da ezer galtzen bidean. Niri testurekin lan egitea gustatzen zait eta horrek ordenagailuak izan dezakeen hoztasuna kentzen du nonbait. Egia da, halere, eskuekin egindako artelana bakarra dela eta ordenagailuz egindakoak milaka aldiz erreproduzitu daitezkeela.
‘Ajuar funerario’ Fernando Iwasaki-ren ipuin bilduma ilustratu eta argitaratu berri duzu.
Facebook bitartez izan nuen proiektu honen berri. Komiki ilustratzaileen eta gidoilarien Facebook talde batean nago eta gidoilariak iragarri zuen ilustratzaile baten bila zebilela. Ni harekin harremanetan jarri nintzen eta Iwasaki-ren ipuinak komiki eran eman nahi zituztela esan zidan. Ipuinetako baten gidoia bidali zidaten nire irudiak frogatzeko.Nik egin nituen eta komiki osoa ilustratzeko aukeratu ninduten.
Albiste ona izan zen inondik ere.
Niretzat ametsa zen komiki bat argitaratzea. Betidanik erakarri naute beldurrezko ipuinek, filmek ere bai, oso zalea naiz eta proiektu hau niretzako egina zela sentitu nuen.
Beldurreko ipuinak dira Iwasaki-renak?
Beldurra, ironia eta komedia uztartzen dira kontakizunetan; fantasia kutsu bat ere badute. Istorioak oso laburrak dira, orrialde batekoak eta komiki bihurtzeko oso egokiak dira. Nire helburua ipuin bakoitzaren narra- tibari eustea izan da, bakoitza pertsonalizatzea irakurketa freskoa izan dadin.
Nolakoa izan da lan prozesua?
Ez da makala izan, azken hiru hilabeteetan 16 orduko lanaldiak egin ditut diseinu estudioan eta etxean egin ditudanak kontuan hartuta. Aitzitik, ume baten moduan gozatu dut tarteka maldan gora ere egin zaidan arren.
Orain gutxi aurkeztu duzue lana. Non topatu daiteke?
Bilbon, Gasteizen eta Donostian badago jada eta Internetez ere lor daiteke. Paginas de Espuma argitaletxekoekin aurkezpenak egingo ditugu Euskal Herrian.