Esaerak Gabiri, toki guztietatik agiri dio, baina Goierrin bada toki askotatik ikusten den beste leku bat ere: Zumarragako Aizpuru baserria. Aizpuruk ez du agiri hitzarekin errimatzen, ordea, eta esaera Gabiriari
Esaerak
Gabiri, toki guztietatik agiri dio, baina Goierrin bada toki askotatik ikusten den beste leku bat ere: Zumarragako Aizpuru baserria. Aizpuruk ez du agiri hitzarekin errimatzen, ordea, eta esaera Gabiriari eman zioten. Erreportaje bat egiteko errimarik behar ez denez, erreportajea emango diogu. Zumarragako baserri eder honek. horrenbeste merezi du.
Aizpuruk ez du agirirekin errimatzen, baina bere izenean argi erakusten du toki guztietatik ikusten dela: Aizpuru
haitz buru-tik dator. Eta kasu honetan izenak ez dio gezurrik. Izan ere, Aizpuru Urretxuko eta Zumarragako ia toki guztietatik ikusten da: Legazpiko sarreratik, Iparragirre plazatik, Avenidatik, San Martin auzotik, Areizaga-Kalebarrenetik, Piedad kaletik, Zelai Arizti parketik, Zumarragako plazatik… Bi herrietako itsasargia dirudi. Zaintza dorrea.
Behatokia
Eta noski, herritik baserria horren ondo ikusten bada, baserritik herria ere bai. Hala, duela dozena bat urte miradore bat egin zuten. Bertatik, Urretxuko eta Zumarragako eraikin ia guztiak ikusten dira: bi udaletxeak, bi kiroldegiak, bi pilotalekuak, bi industrialdeak, elizak, ospitalea, geriatrikoa, auzoak, errepideak, Urretxuko etxe orratza, Zumarragako sekuoia… Baita Aizkorri ere. Etxearen atzealdetik, berriz, Etxeberri auzoa, Oleta eta Samiño mendiak eta Elosua. Albo batera Irimo mendia gelditzen da.
Aizpuruk bista ederrak ditu eta, beraz, egonean egoteko toki bikaina da. Lanerako ez, ordea. Izan ere, baserria toki ikusgarri baina malkartsu batean egin zuten. Bertan bizi den Arostegi-Aranberri familiak ganadua eta baratzea ditu, baina lursail batzuk hain dira aldapatsuak non ezin duten traktorea sartu. Idiak erabili behar dituzte.
Tontor batean egonik, baserria, aldapatsuaz gain, haizetsua da. Ez dute haize-orratzik behar haizeak nondik jotzen duen jakiteko. Lehen ArcelorMittal enpresaren tximinietako keak informatzen zien eta egun Illargui okindegiaren keak. Bestalde, Aizkorrin elurra egiten badu, berehala ikusten dute. Herriko hotsak ere primeran entzuten dituzte. Baserritik kanpaiak entzuten dira. Eta toki argitsua eta eguzkitsua da, noski.
Migel Arostegi eta Maria Aranberri senar-emazteak eta beraien seme-alabak eta bilobak oso harro daude baserriaz. Ez da harritzekoa: Aizpuruk esaerarik ez du, baina bistak Igeldokoak bezain ederrak dira ia!