Legazpin 1980ko hamarkadaren amaieran Gorka Salmeron argazkilariarekin batera Txo! Kolektiboa sortu zuen Carlos Ausserladscheider margolaria (Legazpi, 1952) Iruñean hil zen, asteartean.
Ibilbide luzeko eta emankorreko artista izan da Ausserladscheider. Bere margo lanen ezaugarriak motibo geometrikoak eta ortzadarraren zazpi koloreak izan dira; azken horiek musika notei egiten diete keinu. Izan ere, musika izan da legazpiar honek jorratu duen beste alorretako bat. Bera izan zen, esaterako, Goierri garaiko herrietan txalapartaren doinuak landu zituen lehenetakoa, eta bizitoki zuen Zurrantegi baserria herriko musikari gazteen topaleku izan zen 1980ko hamarkadan, tartean gerora Hertzainak talde ezagunean ibili ziren Gari eta Txanpirena, baita Legazpin arte munduan murgilduta zebiltzan beste gazte batzuena ere, hala nola Txakel, Isa Garmendia edo Angel Sagasti. Literaturaren munduan ere egin zuen sartu-irtena; Saraga Mapadani goitizenarekin idazten zituen testuak eta poemak.
Argazkia: Gorka Salmeron
Txo! kolektiboan kide duen Gorka Salmeronek hala laburbiltzen du Ausserladscheiderren lana: “Op-Art edo arte optikoaren eta geometrikoaren maixu haundia izan zen. Zenbait museotan zintzilikatuta ikusi izan ditudan artelan askok ez dute garatu zituen margoen indarra, errefinamendua, akabera eta kalitatea. Legazpin zenbait areto, taberna eta bilduma pribatutan egon diren -eta oraindik irauten duten- Carlos Ausserladscheiderren arte lanek ez dute izan merezi duten errekonozimendua”.
Carlos Ausserladscheider bapatean hil da eta umezurtz utzi ditu une honetan ikusgai zituen bi erakusketa, bata Pasai San Pedron, 12 cm izenpean, Angela Mejias eta beste hainbat artistekin, eta bestea Miarritzen, Txo! Kolektiboko gainerako kideekin, Gaab galerian. Aurretik makina bat erakusketatan hartu du parte, batez ere Txo! Kolektiboarekin, baina baita bakarka ere, tartean Legazpiko Juan Kruz ileapaindegian eta Beasaingo Aterpe tabernan.
Legazpin agurra egitekotan dira bere lagunak eta jarraitzaileak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.