Herriko dendari, ekoizle eta ile apaingediek parte hartuko dute pasarelan. Adin desberdinetako 40-bat modelok erakutsiko dituzte jantziak. Musika eta sorpresak ere izango dira
Parisen edo New Yorken bezala, Ordiziako Amets Bide dantza taldeak euskal jantziaren pasarela antolatu du biharko. Bigarren edizioa izango da aurtengoa, izan ere, 2015ean ere antolatu zuten ekimen hau. Hitzordua, Plaza Nagusian izango da, 20:00etan hasita.
Urte berezia izan da 2018a Amets Bide dantza taldearentzat. Urtero egiten dituzten ekintza guztiez gain, maiatzean, dantza asteburuan, Pujana dantza maisuaren 150. urteurrenean 120 dantzari eta 20 txistulari bildu zituzten herriko kaleetan zehar dantzan. Urriaren 19an, berriz,
Ordizia Elkartuz emanaldian Ordiziako kultur eragile guztiek elkarlanean ikuskizun bakar eta berezia oparitu zioten herriari eta bihar, euskal jantzien pasarela egingo dute. «Urte berezi hau borobiltzeko modua izango da hau» adierazi du Izaro Intxaustik, Amets Bide dantza taldeko ordezkariak.
Pasarelan, 40-bat modelok parte hartuko dute. Amets Bideko dantzariak izango dira batzuk, baina beste hainbat herritar ere animatu dira, adin tarte desberdinetakoak guztiak. Izan ere, adin desberdinetako pertsonentzako jantziak ikusi ahalko dira. Parte hartuko duten denda, ekoizle eta ile apaindegiak ondorengoak izango dira: jantzietan, Maitingorri, Mirentxu, Romero, Santi eta Kilo; ile apaindegietan, berriz, Maite, Josune & Claude, NYE, Aiztur, Arantxa, Matxain, Lurdes, Josbel, Gurutze, Maos, Deidos eta Maitane.
Bi helburu
Euskal jantzien pasarela hau bi helburu betetzeko asmoz antolatu dute. Batetik, «euskal jaietan eta Gabonetan herritarrek euskal jantziekin janzteko ohitura sustatzea. Gure ondorengo belaunaldien erreferente garen neurrian, egun berezi hauetan euskal jantziak txukun janztearen garrantzia» azpimarratu zuten. Bestetik, «herriko merkataritza sustatzea ere nahi dugu. Urrutira joan gabe, herrian bertan jantzi hauek egiten dituzten dendak egon» badaudela ere gogoratu zuten.
Ekitaldia girotzeko musika eta sorpresak egongo dira.