Ampo Ordiziak Santboianaren aurka neurtuko ditu indarrak igandean
Irabazleak 5. tokia hartuko du. Postu horietan lau talde daude lehian laugarren eta seigarren artean sailkatu eta play-offerako txartela lortzeko.
Ampo Ordizia errugbi taldea, Katalunia aldera joango da asteburuan, igandean 12:00etan Baldiri Deu estadioan UE Santboianaren kontra jokatzeko. Ohorezko Mailako Heineken ligako bigarren itzuliko lehenengo jardunaldia izango da. Ordiziako taldea 5.a da sailkapenean eta 6. tokian dago Santboikoa. Biak 31 puntuekin berdinduta daude.
Ampo Ordiziaren esanetan, “Bartzelonakoa aurkari zuzena da, beraz, eta antzeko izaera du. Hala, harrobiko jokalariak dira gehienak baina profesionalak ere badituzte etxekoen lana indartzeko”. Profesionalen artean Afa Tauli, 8 zenbakiduna nabarmendu dute. “Partiduko ezaugarrien artean berdintasuna antzemango da eta jokoko diferentzia txikiek erabaki dezakete emaitza”.
Ordiziako errugbi taldeak aurreko igandean Valladoliden lehenengo ordubetean egindako jokoa erakutsi nahi du. “Liga irabazteko hautagaien aurka oso ondo aritu ziren eta Valladolidekoek armairuan duten aukera zabalak erabaki zuen neurketa”.
Aste honetan Imanol Iruarriz eta Oier Goia aurrelariak jokatzeko moduan izatea aurreikusten da. Beraz, talde osoak bidaiatuko du Santboira.