Elkar zainduz, denak salbu
Landalab proiektuak "zahartzaroaren kultura" eratu nahi du landa eremuetako herri txikietan. Komunitatea prestatu nahi dute erronkei bertatik bertara aurre egiteko
“Nekazaritza inguruneko herri txikiei erronka berriak eragin dizkiete eguneroko aldaketek eta gizartea zahartzeak” Jon Muñoa (Zerainlab elkarteko kidea) “Zergatik ez dizkiegu betaurreko sozialak jartzen auzo guztiek dituzten baliabide eta aberastasunei?” Unai Zabala (Agintzari kooperatibako zuzendaria)Zahartzaroa da landa eremuko herri txikien erronketako bat; Zerainena, bereziki. Izan ere, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren arabera, Gipuzkoan 2025ean batez besteko adinik altuena izango duten herrien artean hirugarrena izango da Zerain, Belauntza eta Hernialderen atzetik. “Nekazaritza inguruneko herri txikiei erronka berriak eragin dizkiete gure egunerokoan izandako aldaketek eta gizartea zahartzeak”. Agintzari kooperatiba ere bat dator sakon hausnartu behar dela zahartzaroaren inguruan. “Bakardadeari dagokionez, arazo asko iritsiko da urte gutxian. Ezin gara geldirik gelditu, esperimentatu eta ikasi egin behar dugu. Zahartzaroaren kultura osatu behar dugu”. Landalab esperimentazio garaian egon da orain arte, baina positiboak dira lehen ondorioak. “Hazia landatu dugu, eta orain jarraipena eman behar zaio, erein dadin”, biribildu du Zabalak. Berezko ezaugarriak Landalab nekazaritza eremuetako herri txikietarako pentsatuta dago bereziki, haien berezko ezaugarriengatik zailagoa delako laguntza eskaintzea. “Sakabanatuago bizi gara herri txikietan, ez daukagu hirietako gizarte zerbitzurik, adineko asko bizi da…”, nabarmendu du Muñoak. Amasa, Angiozar (Bergara), Leintz Gatzaga eta Zerainen egin dituzte lehen probak, eta herri gehiagotara zabaltzea da etorkizuneko asmoa. “Tokian tokiko planteamenduak landu behar direla jabetu gara. Antz handiak izan arren, bere bidea egiten du herri bakoitzeko bizitza komunitarioak”, esan du Zabalak. Haren esanetan, auzoko pertsonak eurak inplikatzea oso garrantzitsua da zaintza lanak “hobeak, azkarragoak eta merkeagoak” izan daitezen. “Auzo guztiek dituzte indar ukiezinak eta baliabideak. Aberastasun horiei zergatik ez dizkiegu jartzen betaurreko sozialak zaintza partekatu bat emateko?”, galdegin du. Landalab proiektuak aurrera egin ahala zahartzaroari eta bakardadeari taldean aurre egitea da erronka.
Landalab proiektua
Zer da? Alerta sistema bat eratzeko planteamendua Landalab. Non lantzen ari dira? Gipuzkoan landa eremuetako herri txikietara bideratutako programa da. Amasan, Angiozarren (Bergara), Leintz Gatzagan eta Zerainen egin dituzte lehen probak, eta herri gehiagotara zabaltzeko asmoa daukate orain. Norentzat pentsatuta dago? Arrisku egoeran, bakarrik bizi diren adinekoentzat da egitasmoa. Zer egiten dute? Bi lan ildo uztartzen ditu proiektuak: batetik, teknologiaren aurrerapenak gizarte zerbitzuetara bideratzea, eta, bestetik, lan komunitarioari esku hartze goiztiarra ahalbidetzeko tresnak ematea. Nola sortu zen? Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz deialdiaren barruan osatutako proiektua da. 2016ko Arartekoaren Udal gizarte zerbitzuen egoera Euskal Autonomia Erkidegoan txostenean jada aipatzen da landa eremuko helduen zaintza sistematizatzeko proiektu baten beharra.