Mikel Elgarresta: «Kapoia oso jaki berezia da eta prestatzen jakin behar da»
Donardegi baserriko Mikel Elgarresta (Urretxu, 1979) bere behiengatik da ezaguna, baina kapoiak eta oilaskoak ere hazten ditu. Atzo bi sari irabazi zituen, Santa Lutzi ferian. Behiengatik zara ezaguna. Noiztik kapoiekin?
Donardegi baserriko Mikel Elgarresta (Urretxu, 1979) bere behiengatik da ezaguna, baina kapoiak eta oilaskoak ere hazten ditu. Atzo bi sari irabazi zituen, Santa Lutzi ferian.
Behiengatik zara ezaguna. Noiztik kapoiekin?
Osabak eta aitak afizioa dute eta oilaskoak eta kapoiak hazten dituzte. Iaz arte amaren izenean ekartzen genituen. Aurten, baserria nire izenean jarri dugunez, nire izenean ekarri ditugu Santa Lutzi feriako lehiaketara.
Noiz hasi zineten kapoiekin eta oilaskoekin lan egiten?
Urte asko daramatzagu oilaskoekin eta kapoiekin. Nik betidanik ezagutu ditut kapoiak eta oilaskoak baserrian. Oilasko gazteak zikiratzera kanpotik etortzen ziren, baina lehengusu batek (Aitor Prietok) zikiratzen ikasi zuenetik, berak egiten du lan hori.
Noiz zikiratzen dira oilasko gazteak?
Guk ekaina-uztailean ekartzen ditugu eta handik gutxira zikiratzen ditugu. Hiru hilabete izaten dute. Ahalik eta hobekien zaintzen ditugu Santa Lutzi feriarako eta Gabonetarako.
Oilasko gazteak zikiratzea zaila al da?
Ez da batere lan erraza. Teknika oso ondo menderatu behar da. Oilaskoa alboz jartzen da eta saihetsen artean ebaki txiki bat egiten zaio. Ondoren, gailu berezi batekin barrabilak kentzen zaizkio. Oso teknika zaharra da. Hori guztia organoei min eman gabe egin behar da. Zirujau baten eskuak behar dira. Finak. Denok ez dugu horretarako balio. Gaizki egiten bada, animalia hil egiten da. Odolustu egiten da.
“Oilasko gazteak zikiratzea ez da erraza; teknika oso ondo menderatu behar da”
Ekainetik abendura loditu egiten dituzue.
Ez da komeni denbora gehiago edukitzea, pisu gehiegi hartzen baitute eta baldartu egiten baitira. Horiek ere bere zikloa dute.
Zenbat kapoi dituzue?
Urtero 20 bat edukitzen ditugu. Batzuk etxerako dira eta beste batzuk saldu egiten ditugu.
Kapoia kozinatzea erraza da?
Jaki berezia da. Prestatzen jakin behar da. Oilasko arrunt bat baino askoz ere handiagoa da. Labean egiten jakin behar da. Ez da oilaskoa bezala, labean sartu eta kito. Buelta eman behar zaio, ureztatu egin behar da lehortu ez dadin… Buelta ematen ez bazaio, bularra egiterako hanka erre egiten da. Beroarekin ez da pasa behar. Oilaskoa baino gozoagoa da, baina prestatzen zailagoa. Ezin zaio edonori saldu. Abisatu egiten diegu. Kozinatzea gustatzen zaion jendearentzat da.
Zein alde dago oilaskoen eta kapoien artean?
Testura ezberdina dute batak eta besteak. Kapoiek, potrorik ez dutenez, grasa gehiago dute. Idiek bezala.
Kapoiak haztea neketsua al da?
Ez. Operazioa egin, jaten eman eta itxiturak ondo zaindu, azeriei oparirik ez egiteko.
Zer jaten dute?
Pentsua, baratzeko azak eta letxugak, belarra… Aske egoten dira. Oilaskoak eta kapoiak banatuta edukitzen ditugu, borrokatu ez daitezen. Handitzen diren heinean, indarra hartzen dute eta elkarri min egin diezaiokete. Ibiltzea ona da, baina borrokan egitea ez.
Kapoia afaltzen al duzue Gabonetan?
Urtezaharrean batez ere.