Ordiziako Tximista sagardotegiak zabaldu ditu upelak
Dantzari txikien agurraren, eta Aitor Mendiluze, Agin Laburu eta Igor Eguren bertsolariek botatako bina bertsoren ondoren eman dio bart hasiera Ordiziako Tximista sagardotegiaren denboraldiari Pedro Garcia mendizaleak. Hunkituta eta eskertuta dastatu du ziriko lehen sagardoa ordiziarrak, Aitor Esnaola eta Amaia Blazquez Tximistako arduradunak ondoan zituela.
Bertako sagarra erabili dute Tximistakoek 2018-2019 denboraldiko sagardoa egiteko. Ataunen, Ezkion eta Itsason, eta Getarian dituzten sagastietako, Antzuolako –sagar ekoizle batekin dute tratua egina–, eta Zizurkilgo baserri batetik ekarrirako sagarrarekin ekoitzi dute aurtengo uzta, 18.000 litro guztira.
Esnaolaren esanetan, aurreko urteetakoak baino “gorputz gehiago” du aurten lehengai izan duten sagarrak, tanino aldetik ugariagoa. Sagarra biltzeko garaian, berriz, arreta bereziarekin erreparatzen diote fruituaren heldutasun puntuari. Taldekako katak ere egin dituzte, eta teknikoki “sagardo zuzenak, akats gutxikoak” direla nabarmendu du. “Gozatzeko moduko sagardoak dira”. Tximistako upeletan sagardo “aukera ezberdina” aurkituko du bezeroak: “Ez dugu sagardo homogeneo bat egiten”.
Tximistak txotx denboraldiari ekin dio, baina Goierriko denboraldiaren irekiera ofiziala urtarrilaren 17an egingo dute Zeraingo Oiharte sagardotegian.