Legazpiko haurren kartak heldu zaizkio Olentzerori
Martin Pipas Olentzeroren laguntzailea atsedenik gabe ibili da legazpiarren eskutitzak jasotzen
Olentzerok badu nahikoa lan Euskal Herri osoa zeharkatzen, eta lan–zama arintzeko, han hemenka laguntzaileak ditu. Martin Pipas da horietako bat. Haztegi Ikastolara hurbildu da legazpiarren eskutitzak jaso eta Olentzerori eramateko. Martinek jaso dituen eskutitz kopurua ikusita, Olentzerok zaku bete lan izango du abenduaren 24an, haurrak urte osoan zehar txintxo portatu diren seinale.
Hauzea harro zebilen eta gorputza gozatzeko txokolatea eta gailetak banatu dituzte antolatzaileek. Lehen hezkuntzako ikasleek arratsaldea alaitu dute gabon kantak kantatuz.
Benetako pertsonaia izan zen Martin Pipas, edo hobe esanda, Martin Alustiza Alkorta. Pipa erretzaile amorratua zelako jarri zioten Pipas goitizena. Artzaienea izenez ezagutzen den Brinkolako Arabaolaza baserrian jaio zen 1886. urtean. Maria Gereñurekin ezkondu ostean bere baserria eraiki zuen auzoan. Halere, beraien artaldearekin alde batetik bestera bizi izan ziren: neguak Bizkaia aldean igarotzen zituzten, eta udarak, berriz, Arriurdinen. Azkenean, bertan taberna bat jarri zuen Katabara inguruko txabola bat baliatuz. 1960an hil zen lau seme–alaba zituela.