Ehun aldiz odol
Jorge Gilek eta Joseba Larrañagak Gipuzkoako Odol Emaileen domina jaso dute ehun aldiz odola emateagatik. Urteetan neurtuz gero, 30 bat urte ...
Jorge Gilek eta Joseba Larrañagak Gipuzkoako Odol Emaileen domina jaso dute ehun aldiz odola emateagatik. Urteetan neurtuz gero, 30 bat urte dira odola ematen hasi zirenetik. Odola emateak gogobete egin ditu biak.
Jorge Gil (Legazpi, 1957) mendizalea da, mendi buelta luze-luzeak gogoko ditu. Joseba Larrañanaga (Aizpurutxo, 1965) txirrinduzalea da, eta mendian gora eta behera ibiltzen da. Inoiz mendian gurutzatzen direla diote. Ez da elkarrekin topo egin duten leku bakarra. Biak odol emaileak dira eta oraintsu odola ehun aldiz emateagatik domina eman die Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteak. Zenbat dira ehun ateraldi urteetan zenbatuz gero? 30 bat urte.
Gili ez zaio denbora asko falta erretiroa hartzeko. Farmazia produktuen banaketan dihardu. Larrañagak Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioan egiten du lan Donostian. Bi datuok garrantzitsuak dira, biek ala biek, lana dela eta, odola Donostian emateko ohitura baitaukate.
Larrañagak ez du odola ohiko moduan ematen. Makina batera lotzen dute ordubetez eta odolaren osagaiak bakoitza bere aldetik ateratzen dizkiote: plaketak, plasma eta globulu gorriak. Bi hilean behin egiten ditu ateraldiak Donostian: «Lehen zentroan zegoen odola emateko gunea eta orain Antigua auzoan». Gilek ere han bertan eman ohi du odola, izan ere asteko edozein egunetan joan ahal da goizez edo arratsaldez: «Ez dago ilararik, autoa aparkatzea erraza da eta lan kontuengatik errazagoa egiten zait Legazpiko hileko azken ostiraletako odola ateratzeko hitzordura joatea baino».
Gilek 18 urte zituela eman zuen lehenengo aldiz odola. «Hiru lagun geunden, poteoan ari ginen eta barre artean joan ginen odola ematera. Garai hartan, odol emaileak Familia Gurasoen egoitzan –gerora Doinua musika eskola izango zena– elkartzen ziren. 25 urte inguru nituela utzi egin nion odola emateari, eta 30 bat urte nituela itzuli nintzen. Ohiturari eutsi diot ordutik, beti behar baita odola».
«Odol emaile elkartekoak gazte jendea erakarri nahian dabiltza azken garaiotan» Jorge Gil, odol emailea.
«Odola eman eta bi astera zure odola premia dagoen tokira bidean dela esaten dizute» Joseba Larrañaga, odol emailea.
Larrañaga 23 urterekin hasi zen. «Gure aitari aldakatik ebakuntza egin behar zioten eta senideoi odola emateko deia egin ziguten; odol talde berekoak ez ginenoi ere deitu ziguten. Hala hasi nintzen». Aizpurutxon jaiotakoa denez, hasieran Azkoitian ematen zuen: «Orduan ez nintzen egun bezain konstantea, baina urtean hiruzpalau aldiz ematen nuen. Legazpira aldatu nintzenerako odola Gizarte Zentroan ematen zen».
Jorge Gilek dioenez 30 urte hauetan guztietan ez du behin ere orratzarekin ziztada egiten dioten unean besora begiratu: «Sabaira begiratzen dut beti, ez baita batere atsegina». Nolanahi ere, une desatsegin horrek ez dio odola ematen jarraitzeko gogorik kendu.
Gazteei deia
Odola ematera joateko gogo hori nola piztu galdetuta, biak bat datoz erantzunean: «Jendeari, eta batik bat gazteei, behin joatea esango genieke. Behin joan eta ikusi, gure ustez konturatuko dira ateraldia erraza eta soila dela, eta beharbada, joaten jarraitzeko gogoa ere sortuko zaie». Gilek erantsi duenez, «domina eman ziguten egunean bazkarian izan nintzen eta elkartekoek esan zutenez gazte jendea erakarri nahian ari dira. Unibertsitateetara eta bestelako eskoletara doaz bertatik bertara ateraldiak egitera eta gazteak animatzera». Tatuajeek eta atzerrira egindako bidaiek arazoak sor ditzaketela esan du, «baina behar diren analisiak eginda arazoak ez dira horrenbestekoak».
Larrañagak odola emateari lotutako sinismen faltsu bati erreparatu dio: «Kirola egiteko ahultzen zaituenaren ustea nahikoa zabalduta dago. Nik kirola egiten dut eta gorputzak emandako odola 24-48 ordutan berriro sortzen du. Hortaz, odola gaztetzeko metodo bat dela esan genezake».
Odola emateak gogobete egiten ditu biak. «Adin bat daukagunontzat osasun ona dugunaren seinalea ere bada», nabarmendu du Gilek. Honakoa erantsi du Larrañagak: «Odola eman eta bi astera zure odola ongi dagoela esateko posta elektronikoa bidaltzen dizute, mezuan zure odola premia dagoen tokira iristeko bidean dela ere komunikatzen dizute». Larrañagak, gaur-gaurkoz, odolari dagokionez euskaldunak buruaskiak ez garela azaldu du, «plasma, adibidez, beste toki batzuetatik ekarri beharra dago».
Ehun kopuru borobila da eta Gili «ilusioa» egin zion. Egun 61 urte ditu, eta lehen, odola 65 urtera arte eman zitekeen soilik; orain, aldiz, 70 urtera arte zabaldu dute adin tartea. «Beharra beti egongo da, eta egia esan, odola ematera zoazenean han dauden langileak hain dira atseginak, horregatik bakarrik merezi duela». Biek berretsi dute odola emateko ohitura hartzeko lehenengo aldia erabakigarria dela, «agian, lehenengo aldian taldean joatea lagungarri izan daiteke».