Itsuraz berrituta ekin dio Goiekik 25. urtemugari
Goieki Goierriko Garapen Agentziak mende laurdena bete du. Eskualdeko 19 udalerrik osatzen duten elkarte honek, berebiziko garrantzia izan du Goierriren garapen ekonomikoan. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko erlkarlanetik, ekintzailetasuna, gizarte eragileen arteko sinergiak, eta enpresen arteko lehiakortasuna bultzatu ditu.
1993an, Goierri “krisi egoera larrian” zegoen garaian sortu zuten Goieki, eskualdeko garapen soziekonomikoan eragiteko asmoz. Izan ere, langabezia tasa %20koa zen garai hartan, eta Lanbide Eskolan egoera ere kaxkarra zen oso. Egoera hura bideratzeko nahian, udal, enpresa, sindikatu eta beste hainbat eragile biltzen hasi ziren. Ahalegin hartatik sortu zen Goierriko Ekimena Sozietate Anonimoa, gaur egun Goieki bezala ezagunagoa dena.
Lau arlo estrategikotan sailkatzen da Goiekiren jarduna: industria, turismoa, ekintzailetza eta gizarte eta ingurumen arloa. Arlo horietan egindako lanaren erakusle dira 2000. urtean sortu zen Goitur turismo agentzia, Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa, edota 2017. urtean sortutako Goierri Valley aliantza estrategikoa.
25 urtetako lana ezagutarazteko kanpaina
Goiekik komunikazio kanpaina zabala prestatu du 25. urtemugaren harira, “bailarako herritar guztiengana” iristeko helburuarekin. Batetik, Goiekiren irudi berria aurkeztu dute, gaurko aurkezpen ekitaldiarekin batera. Irudi berriarekin batera, “etorkizuneko erronkei aurre” egiteko mezua ere zabaldu dute: Ekin eta egin!.
Goierri Telebistak Goiekiren 25 urteetako ibilbidea jasotzen duen erreportajea egingo du. Era berean, Goierriko Hitzak bihartik aurrera argitaratuko du Goiekiren urtemugako gehigarri berezia. Goiekik sare sozialetan ere egingo du kanpaina, “Goiekiren lana eta izaera gizarteratzeko” helburuarekin. Asmo bera izango du herriz herri jarriko duten erakusketa ibiltariak ere.
Urtemugarekin batera, prestatzen ari diren eraikin berria ere inaugurutuko du Goiekik. Data erabat zehaztu ez badute ere, otsaila aldera izango da; ekitaldi instituzionala egingo dute, eskualdeko industria, zerbitzu, kultura eta gizarte arloko eragileak bilduko dituena. Egoitza berria inauguratu, ezagutu eta 25. urtemuga ospatzeko eguna izango da.