Uema hazi eta indartzen
Mankomunitatea osatzen duten 86 udalerrietako hautetsiak Legorretan bildu dira asteburuan. Urteko balantzea egiteko baliatu dute bilera. Datorren urterako erronkak finkatu dituzteUema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urteko bigarren eta azken batza...
Mankomunitatea osatzen duten 86 udalerrietako hautetsiak Legorretan bildu dira asteburuan. Urteko balantzea egiteko baliatu dute bilera. Datorren urterako erronkak finkatu dituzte
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urteko bigarren eta azken batzarra egin du asteburuan. Legorretako herri antzokian elkartu dira elkartea osatzen duten 86 udalerrietako hautetsiak. Urteko balantzea egin eta datorren urtera begira dituzten erronka eta lan ildoak zehaztu dituzte. Udalerri euskaldunen garapena, hizkuntza politiken zeharlerrotasuna, elkarlana, lege babesa eta herritarren sentsibilizazioa dira horietako batzuk.Bukatzear den urteari errepasoa egiterako garaian, aurten jorratutako hiru lan ildo nabarmendu dituzte. Batetik, udalerri euskaldunen «prebentziotik garapenera eman beharreko urratsak» jasotzen dituen txostena. Bestetik, udalerri euskaldun eta turistikoetan bisitariei euskararen inguruan egindako azterketa. Eta azkenik, eragin linguistikoak azken urtean izan duen ibilbidea eta zabalkundea.
Datorren urterako asmoak
Uemak 2019rako dituen egitasmo nagusiak, bost ildo edo lan arlotan banatu dituzte. Mankomunitateak, «udalerri euskaldunen lurgunea» osatzeko bidean pausoak ematen jarraitu nahi du; hala, maiatzeko hauteskundeen ondoren agintaldi berriko udal ordezkariekin Uema zer den eta zer lan egiten duten ezagutarazteko beharra ikusi dute.
Uema bera erakunde gisa sendotzea da beste helburu bat. Komunikazio kanpaina bat bideratuko dute, baita gainontzeko erakundeekin elkarlana bultzatu eta sortuko diren udal nahiz aldundi berriekin harremanetan jarri eta hitzarmenak lotu ere.
Orain arte bezala, udalen funtzionamendua erabat euskalduntzeko erremintak eta baliabideak eskaintzen jarraituko dute. Herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea da beste helburuetako bat; horretarako, tailerrak, trebakuntza saioak eta ikastetxeetan landu beharreko hezkuntza proiektua bultzatuko dituzte. Eta nola ez, «udalerri euskaldunen zaintza eta garapena» bideratzeko bitartekoak eta urratasak ematen jarraitu.
Etengabe hazten
Duela 30 urte, 1988an, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bultzatutako mozio bat onartu zuten Hego Euskal Herriko 32 udalerrik. Bide hartatik, 1991n mankomunitate bezala eratu zen Uema. Lehen batzar hartan 17 udalek parte hartu zuten; gaur gaurkoz, 86 dira.