Gobernantza bikaintasun labela lortu du Legazpiko Udalak
Bilboko Eudelen egoitzan jaso berri dute saria
Koldobike Olabide Legazpiko alkateak Bilbon, Eudelen egoitzan jaso zuen atzo Europako Kontseiluak ematen duen ELoGe gobernatza bikaintasunaren labela. Bermeoko eta Legazpiko Udalek jaso dute.
Olabidek esan duenez, «izendapenak gardentasunean eta gobernu berrikuntzak Europan puntan dauden udalerrien parean kokatu gaitu». Finean, «udala erakunde azkar, moderno, garden eta eraginkorra bilakatzeko egindako lanaren saria da».
Alkateak udal langileei eskerra eman die; bereziki, Iñaki Gastañares udal idazkariari eta «proiektuaren arima» Fernando Arakama kontu hartzaileari, «haiek gabe oso zaila izango baitzen gure kudeaketaren auto ebaluazioa egitea». Udal gobernuko kideei ere esker ona agertu die, «kideok, gauzak okertzen direnean ere, beti baitaude aldean».