Bihar, 19:00etan, Legazpiko Kultur Etxean egingo duten ekitaldian aurtengo Kultura Sariak banatuko ditu udalak. Hiru legazpiarrek jasoko dituzte: Patxi Otaegi, Aitor Madina eta Mikel Gurrutxaga. Udalerriko elkarteekin batera aukeratutako legazpiarrak dira, areago elkarteek proposatu dituzte eta bildutako hautagaien artean Otaegik, Madinak eta Gurrutxagak jaso dute boto gehien.
Patxi Otaegi, Legazpiko bake epailea izateaz gain, aspaldi saharar herriaren alde lanean ari da Hare Haizea elkartearen barruan. Asko jada Otaegik Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetara egindako bidaiak. Bidaiez gain, Otaegik eta Lourdes Lopez emazteak udaro haur sahararrak hartzen dituzte etxean. Aurten Bellotak emandako erreminta bete kamioia bidali zuten kanpalekuetan ugaltzen ari diren baratzeetan erabiltzeko. Saria, alabaina, aurreko ekainean antolatutako jaialdiagatik eman diote non Legazpiko kultur talde gehienek parte hartu zuten.
Aitor Madinaren izena entzunda Doinua musika eskolarekin lotura egingo dute legazpiar askok automatikoki. Musika eskola, ekintza andanaren bitartez udalerrira estuago lotu izanagatik jasoko du gaur Kultura Saria; besteak beste, kantu afaria edo musika eskolako taldeen kontzertuak.
Mikel Gurrutxagari zor diote legazpiarrek Santikutzen egiten duten herri danborrada suspertu izana. Danborrada «hilzorian» zegoela diote udaletik eta Gurrutxaga da, neurri handi batean, egun duen arrakastaren erantzulea. Gero eta elkarte gehiagok parte hartzen dute danborradan, esate baterako, La Salle eskubaloi taldeak bere 50 urteurrenaren harira sortu zuen konpainia eta segitzen du.