Orain 25 urte jarritako oinarrietatik abiatuta, Goierrik etorkizunari begira dituen erronka eta egitasmoak aletu ditu Galparsorok. Goierri Berrikuntza Gunean egoitza estreinatuko dute 2019an.
Iker Galparsoro (Ordizia, 1969) ekintzailetza arloan hasi zen lanean Goieki Garapen Agentzian 1996an, eta 2002an Juan Manuel Barandiaranen lekukoa hartu zuen zuzendaritzan. Dozena bat laguneko talde teknikoa gidatzen du harrezkero, goierritarren ongizatea ardatz. Elkarlana, kohesioa eta berrikuntza ditu lanerako hitzak.
Osasuntsu ailegatu al da Goieki 25. urtemugara?
Gure ustez bai. Egitasmo asko dauzkagu esku artean, eta lantalde osoak ilusio handiz ekingo diogu urte berriari. Aldaketa urtea izango da, egoitza berria estreinatuko dugu laster, eta aldaketekin beti sortzen diren aukera eta egitasmo berriak.
Egoitza berrian, Negozio Berrien Fabrika egitasmoa jarriko duzue martxan ekintzailetza sustatzeko helburuz. Beste zer ekarpen egingo dio eskualdeari urrats berri horrek?
Eraikin berriak Goierri Berrikuntza Gunean egoteko aukera emango digu, eta han dauden beste eragileengandik gertuago egoteak –Goierri Eskola, Ingeniaritza unibertsitatea, Goierri Valley-ko enpresak, Lortek, Goilan…– gure arteko elkarlana eta lankidetza erraztuko ditu. Berrikuntza gunea Goierriko Plan Estrategikoaren apustu garrantzitsuenetako bat da. Ahalegin handia eskatzen du horrek, baina pixkanaka ari gara hori garatzeko pausoak ematen.
Besteak beste, lanpostu kualifikatuak sortzea da egitasmo berri horren helburua. Zein lanpostu mota zehazki?
Goierritarren bizi kalitatea hobetzea da gure helburu nagusia, eta horretarako heziketa eta lana ezinbestekoak dira. Eraikin berri horretan kokatuko diren 20 enpresak ekintzaileak izango dira eta 150 lanpostu baino gehiago sortuko dituzte. Gehienak profil teknologikoko lanpostuak izango dira, ingeniaritzak batez ere. Espazio berri eta ezberdin bat diseinatu dugu beraien arteko harremanak sustatu eta sinergiak bilatzeko asmoz. Bizirik dagoen eraikin bat izatea nahi dugu.
Zein da Goierriko lan merkatuaren egoera 2018ko hondarrean? Zeintzuk dira gaur-gaurkoz enpresek dituzten behar nagusiak?
Momentu honetan langabezia tasa baxua daukagu Goierrin, Gipuzkoako bataz bestekoaren azpitik gaude eta enpresa gehienek arazoak dituzte langile kualifikatuak aurkitzeko lan merkatuan. Langile kualifikatuak diodanean, lanbide heziketako adar ezberdinez eta ingeniaritzez ari naiz gehienbat. Goierriko industriak langileak behar ditu, eta gaur egun dugun ikasle kopurua ez da nahikoa izango enpresek izango dituzten behar guztiak asetzeko. Arazo handi bat daukagu arlo horretan, baina era berean aukera ikaragarria da gure gazteentzako.
Langabezian dauden herritarrekin egin daitekeen lanketaz hausnartu al duzue?
Ikasketa maila txikiko eta industriatik oso urrutik dagoen kolektibo handi bat ere badago Goierrin, eta lana aurkitzeko arazoak ditu. Hori horrela da. Talde horiekin ere lanketa berezi bat egin behar da gizarte honetatik kanpo gera ez daitezen. Hor erronka handi bat daukagu datozen urteetarako. Momentu honetan lantalde bat sortu dugu Goierriko eragile batzuekin egoera horri aurre egiteko. Gure lehenengo ekintza emakume langabetuei zuzendutako enplegu programa bat da eta datozen sei hilabeteetan formakuntza berezi bat jasoko dute haien enpleagarritasuna hobetzeko asmoz. Esperientzia horri antzeko beste batzuk jarraituko diote datozen urteetan.
Goiekiren urteetako bilakaera horretan guztian, zeintzuk izan dira lorpen nagusiak?
Alor sozioekonomikoan Goierrik dituen beharrei erantzuteko udalek sortutako tresna bat da Goieki. Bide horretatik jarraitu nahi izan dugu beti, gizarteak izaten dituen aldaketen ondorioz sortzen diren erronkei aurre egiten. Hori da gure lorpen nagusia, hasieratik jarritako helburuak begitartean edukitzea.
Eta zer ekarpen egin dio urteotan guztietan eskualdeari?
Elkarlana, kohesioa, lankidetza, konpromisoa, berrikuntza… Eskualdearen alde lan egiten duen talde profesional bat gara, eta balio horiek guztiak gure egiten ditugu. Gure konpromisoa da gure ekarpena. Udal guztiek bat egiten dute Goiekin eta erabateko konpromisoa azaldu dute 25 urte hauetan eskualdeko egoera sozioekonomikoa hobetzeko ahalegin guztiak eginez.
Aurrera begirako erronken artean zein nabarmenduko zenuke?
Etengabeko hausnarketa. Krisia pasa da, egoera ekonomiko berri baten aurrean gaude, baina ezin dugu autokonplazientzian erori. Etorkizuna egiten jarraitu behar dugu, eta etorkizun hori garatzeko denok gara beharrezkoak. Goierri Valley-ren leloak dioen bezala, Elkarrekin Urrunago. Horretan ez daukagu dudarik.
Eta non egin beharko litzateke indar gehiago?
Elkarlanean, elkarri entzuten, elkarri laguntzen, gure indarrak batzen… Goierrin daukagun potentziala izugarria da eta erreferenteak izan nahi dugu ez bakarrik lehiakortasunean, baita elkarlanean ere.
Nola irudikatzen duzu Goieki, eta horrenbestez baita Goierri bailara ere, 25 urte barru?
Azken urteetan Goierriko biztanle kopurua goraka doa, eta hori bada datu bat. Gure bizitza kalitatea ona da, eta uste dut gure lurralde txiki honetaz harro sentitzen garela goierritarrok. Bide horretatik jarraitu behar dugu etorkizunean. Horretarako enpresen lehiakortasuna hobetzen jarraitu beharko dugu, elkarlana bultzatuz, formakuntza enpresen beharretara etengabe egokituz, eta goierritar guztientzat lan aukera berriak sortuz. Denon artean egingo dugu nahi dugun Goierri.