Ekintzailetza aktiboa giltzarri
Enpresa Ekimen Berrien Zerbitzuak negozio ideia bat duten pertsonei haien enpresa proiektua garatzen laguntzen die, babesa eta aholkularitza eskainiz .Ekintzailetza proaktiboa sustatzea du helburu orain
Zerbitzuaren izaera
Goierri industria ahalmen handiko ingurunea da, eta enpresa ekimen berriak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak motibatu eta bultzatzen ditu zerbitzu honek. Enpresa sarearen etorkizuneko jasangarritasuna lortzeko haziak ereiten ari da. Negozio ideia berri bat duen edozein pertsona balia daiteke zerbitzu honetaz. Ekintzaileari informazio orokorra ematen zaio, bideragarritasun plana lantzeko eta enpresa martxan jartzeko aholkularitza, formakuntza ere bai, eta azkenik, enpresa gunea kokatzeko aholkularitza eta jarraipena egiten zaio.Enpresa gunea
Goiekik enpresa gune ezberdinak eskaintzen ditu enpresa ekimen berriei behin-behineko kokapena emateko. Guztiek helburu bera dute: enpresa sortu eta kontsolidatu arteko epe horretan ahalik eta laguntza gehien izatea. Horretarako hainbat zerbitzu eta ekintza eskaintzen ditu, hiru gunetan bereizita. Datorren urtearen hasieran estreinatuko den Negozio Berrien Fabrika –New Business Factory– litzateke lehena. Goierri Berrikuntza Gunean dago, eta han balio erantsi handiko enpresak edo enpresa teknologikoak kokatuko dira. Bigarrena Maiutz gunean legoke –Goiekiren orain arteko egoitzan–, eta energia eta telekomunikazio arloko enpresak bilduko lirateke bertan. Hirugarrena Beasaingo Kale Nagusian dagoen Anezka gunea litzateke. Zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak daude bertan, eta duen kokapenak herritarrengandik gertu egoteko aukera ematen die.Balio erantsia ardatz
Ekintzailetzaren bitartez enpresa eta enplegu gehiago eta hobeak sortzea da helburua, bereziki Goierriren etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetan. Horretarako, balio erantsi altuko enpresak martxan jartzeaz gain –Goiekiren azken hausnarketa estrategikoan lehenetsi bezala–, barne ekintzailetza jarduera sustatu eta bultzatuko du Goiekik Goierriko enpresetan. Hori guztia eskualdeko eragile ezberdinen aliantzak eta azpiegiturak baliatuz egingo da. Zaintza sistema propioa Bide horri ekiteko garaian jarrera aldaketa bat izan behar du ekintzaileak. Azken urte hauetan, ekintzaileari bere negozio ideia garatzen lagundu zaio, eta gaur egun jarrera proaktiboago batean oinarrituko garapen laguntza hori. Horren aldeko apustu irmoa egin du Goiekik, eta Zaintza Sistema propioa garatu du berrikuntzaren arloan eta eskualderako etorkizuneko sektore estrategikoak identifikatzen lanean jarraitzeko.Garapen jasangarria
Goiekiren helburu nagusienetako garapen jasangarria sustatzea izan da, enpresa berriak sortuz eta bere industria sarearen lehiakortasuna areagotzea ahalbideratuko duten proiektuak garatuz. Horretarako, hainbat ekintza eta jarduera landu ditu aukera berri horiek identifikatu asmoz. Goiekirentzat berebiziko garrantzia du eskualdeko enpresen lehiakortasunean eragina izango duen edozeren berri izateak, izan zuzenean ala zeharka. Horretarako, informazio hori eskuratu behar du, eta etorkizuneko ikuspegia kontuan izanik, informazio hori interpretatzeko gai izateak emango dio Goiekiri eskualdeko garapen jasangarria sustatzen jarraitzeko giltzarria.Ekimen berrien lehiaketa
Esku artean duen lan horren guztiaren osagarri, Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa antolatu du 22 urtez Goiekiren arlo honek. Sariketaren helburua argia izan da jatorritik bertatik: sustatzailearen irudia sustatzea, berrikuntza, enpresen garapena, eta eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea. Goierriko enpresetan egi bihur daitezkeen, eta ekonomia berpizteko eta eguneratzeko kultura indartzea dakarten egitasmo guztien alde egin nahi izan du. Ekintzailetza enpresa bat martxan jartzea baino, jarrera bat dela uste du Goiekik, non pertsona eta gizarte bezala garatzeko bideak zabaltzen diren.Helburuak
Azken urte hauetan lantzen eta garatzen diren ekintzaile ekosistema berriarekin hainbat helburu lortu nahi dira. · Lehiakortasuna. Ekimen ekonomikoen lehiakortasuna bultzatu eta hobetu nahi da testuinguru berrian. · Aberastasuna. Eskualdeko herritarren ongizatea hobetzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko aberastasuna sortzea dago helburu nagusien artean. · Berrikuntza. Enpresa eta teknologia arloko erronka berriei aurre egiteko gaitasuna sortzeko tresna nagusia da berrikuntza. · Barne ekintzailetza. Ekosistema aurreratu bat sustatuko da ekintzailetza jarduerari langak kentzeko eta etorkizuneko sektoreetan –fabrikazio aurreratua, energia berriztagarria, oinarri teknologikoak, Smart Mobility…– negozio aukera berrien alde egiteko barne ekintzailetzaren bidez.. · Elkarrekin ekin. Elkarlaneko ekintzailetza ekimenak bultzatuko dira dimentsioan irabazteko eta enpresen hazkudean laguntzeko.