Hemeretzi urteko Axier Gorostegi semearen galerari aurre egiteko, terapia gisa, 'Una vida contigo' liburua idatzi du Kristina Galarraga Zeberiok. Bihar aurkeztuko du Igartzako jauregian.
![Kristina_Galarraga](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/12/Kristina_Galarraga.jpg)
Otsailaren 27an bi urte beteko dira Axier Gorostegi Galarraga Murumendin istripuz hil zela. 20 urte betetzeko astebete falta zela gertatu zen ezbeharra. Bere amak, Kristina Galarraga Zeberiok,
Una vida contigo liburua idatzi du semeari omenaldi gisa. Terapia izan da idaztea berarentzat. Bihar, 18:00etan, Igartzako jauregian egingo du liburuaren aurkezpena, Irati Goikoetxeak lagunduta.
Zer dela eta animatu zara liburua idaztera?
Axier joan zenean, behar handia sentitu nuen, barruan neuzkan min guzti horiek kudeatzeko, inork ez baitigu erakusten heriotzari aurre egiten. Beraiek joaten dira baina gu umezurtz gelditzen gara, ez dakigu nola egin aurrera. Olerki txiki batzuk egiten hasi nintzen, hausnarketak idazten. Istripu bat eduki nuen ekainean eta zirriborroari liburu forma emateko aprobetxatu nuen. Omenaldi bat egin nahi izan diot, egun batetik bestera joan zen eta.
Terapia bezala erabili duzu. beraz.
Bai. Joan zenean hutsune handi batekin gelditu nintzen, emozioak nola kudeatu ez nekiela. Pertsona, gorputz fisikoa, joaten da baina esentzia betiko da. Oroitzen dugun bitartean pertsona hori ez da hilko, beti dago gure bihotzean eta oroimenean. Gauero ematen nion musu Axierri, baina gau hartan musurik gabe geratu nintzen eta horregatik egin diot liburua.
‘Una vida contigo’ izenburua jarri diozu.
Oso gogorra da familiako norbait galtzea, baina hazi bat erein nahi izan dut liburuarekin, gu bezalako egoeran dau denei aurrera jarraitzeko esanez. Joandakoek nahiko lukete guk aurrera jarraitzea, eta gu ondo egotea, beraiek irripar batekin oroitzea, eman zigutenarekin gelditzea, eta ez bukaera tragiko horrekin, beraiekin bizitakoarekin gelditzea. Horregatik jarri diot liburuari
Una vida contigo izenburua.
Gazteleraz idatzi duzu.
Bai, nahiz eta nik berarekin euskaraz hitz egin, erdaraz ikasi nuen eta emozioak idazteko erraztasun gehiago daukat erdaraz.
Autoedizioa izan da, Mundopalabrasekin argitaratu duzu.
Portugaletekoak dira. Izugarrizko babesa eta laguntza eman didate.
Liburuaren azalean, Axierren hiru pasio jaso dituzu.
Bai, mendia, bizikleta eta motorra. Mendiak bizia ematen zion Axierri.
Etapaka antolatu duzu liburua,
Mundura nola etorri zen, lehenengo hiru urteak, ikastolako ibilbidea, nerabezaroa, gaztaroa, eta 19 urterekin joan zenekoa. Heriotza ez dut dramatismoarekin kontatzen. Amaieran, Mariren kondairarekin baliatuz, istripua izan zuenean, izarren azpian Marik zainduko zuela idatzi dut. Biografiaren tartean nik egindako olerkiak, lagunek eta familiartekoek idatzitako gutunak, eta hainbat idazleren olerkiak eta abestiak sartu ditut. Argazkiak ere tartekatu ditut.
Zer transmititu nahi izan duzu liburuarekin?
Hutsune handi bat eduki dut eta gustatuko litzaidake nire esperientziak beste familia batzuekin konpartitzea. Hori da liburu honekin eman nahi dudan mezua. Esperientziak elkartrukatzea ona da eta Goierrin horren falta sumatzen dut, Goierrin ez dago dolurako talderik.
Non eskuratu daiteke zure liburua?
Mirentxu liburu dendan eta Jon Aranburu prentsa saltzailearenean. 15 euroan dago salgai.