Herri baten iragana
Erakusketak, hitzaldiak, kultur ekitaldiak, kirol erakustaldiak eta beste hainbat ekitaldi egin dituzte aurten Ordizian, hiribilduaren 750. urteurrena ardatz hartuta. Eta data seinalatu hori ...
Erakusketak, hitzaldiak, kultur ekitaldiak, kirol erakustaldiak eta beste hainbat ekitaldi egin dituzte aurten Ordizian, hiribilduaren 750. urteurrena ardatz hartuta. Eta data seinalatu hori borobiltzeko, 2018a amaitzeko gutxi falta baita, Ordiziaren historia alda dezaken aurkikuntza aurkeztu dute Gure Iragana taldeko eta Osbele elkarteko kideek, herritarren aurrean. Izan ere, San bartolome ermitan eta haren inguruan egindako indusketa lanek ezusteko emaitzak eman dituzte. Uste zutena baino «potentzial handiagoa duen eremua» dela baieztatu du Nerea Iraolak, Gure Iraganak taldeko historialari ordiziarrak. Harekin batera, David Cano historialari eta taldekidea eta Ander Arrese eta Josu Etxezarraga arkeologoak ere aritu dira ikerketa lanetan.
Urriaren erdialdera hasi ziren Gure Iragana taldekoak San Bartolomen lanean. Helburua, ordura arte aztertutako dokumentazioak zioena ziurtatzea zuten. «Gaur egungo ermitaren azpian, eliza nagusiago baten aztarnak egon zitezkeela eta horiek bilatzea zen gure helburua». Santa Ana kofradiaren liburuan agertzen dira aurreko elizaren lehenengo datuak: «1.509. urtean Santa Ana kofradia San Bartolome elizan biltzen zela irakur daiteke».
Denbora luzez ondo aztertutako dokumentazio hura ardatz hartuta, georadar bidez, ermitaren kanpoko zein barruko eremuak arakatu zituzten aurrena. Horri esker, indusketa lanekin non hasi zehaztu ahal izan zuten. Izan ere, georadarrak, lur azpian dauden material desberdinak erakusten dituela azaldu du Iraolak. «Georadarrarekin egindako azter- ketari esker, lur azpian zerbait egon bazegoela konfirmatu ahal izan genuen».
Ermitaren barruko aldean hasi ziren indusketa lanekin. «Kanpai bat egiteko labea, gizaki hezurrak eta XVI. mendeko zeramika pusketa bat izan ziren bertan aurkitutako gauza interesgarrienetako batzuk».
Aurkikuntza horiek, poliki-poliki, hasierako hipotesiak bete zitezkeela frogatzen zuten. «Pareta baten aztarna ere bilatu genuen. Gaur egungoaren azpian, beste tenplu bat zegoela konfirmatzen du horrek».
Kanpoko aldean ere jarraitu zuten ondoren, aztarna gehiagogoren bila, eta baita aurkitu ere. «Hasiera batean uste genuena baino garrantzitsuagoak dira egindako aurkikuntzak. Kanpoko aldean dagoen zelaian zulatzen hasi eta eraikin baten aztarnak bilatu genituen. Hori ikusita, sakonago industu genuen, eta aurkitutako paretaren oina izan zitekeenarekin egin genuen topo. Baina segituan konturatu ginen oker geundela. Paretaren beheko aldeko hori ez baitzen oina. Beste pareta bat zen. Beste garai batekoa». Hori guztia ikusita, «hasieran uste baino aurkikuntza garrantzitsuagoa» dela azpimarratu du Gure Iraganako historialariak.
Bide berriak zabaltzen
Egindako aurkikuntzek, «ikerketarako bide berriak» irekitzen dituztela adierazi du Iraolak. Dena den, lehendabizi «laborategira bidalitako laginen emaitzek zer esaten duten» ikusi nahi dute. Historialariak berak argitu duenez, «bi paretetan ikatz aztarnak» aurkitu zituzten eta «karbono 14aren proba» egiten ari dira, aztarna horiek noizkoak diren zehaztu ahal izateko.
Momentuz aurkitutako eraikin horiek zein garaitakoak diren zehazterik ez badago ere, orain arte ikusi dutenetik, «aurretik zegoen tenpluaren tamaina, oraingoaren bikoitza zela» baieztatu daitekeela dio Iraolak. Gainera, lehenengo aurkitu zuten paretaren azpian beste horma zaharrago bat egoteak «hipotesi berriak» planteatzen dituela uste du.
Hasierako beste hipotesietako bat, «tenpluaren buruaren noranzkoa aldatu» izanarena da. Zergaitia baieztatu ezin badezakete ere, indusketek frogatu ahal izan dute «aurreko tenpluaren burua ekialdera begira» zegoela; oraingoa berriz, hegoaldera begira dago.
Hemendik aurrera zer?
Oraindik ateratako laginen zer emairza emango duten zain badaude ere, Iraolak garbi du «ikerketarako eremu oso interesgarria» dela San Bartolome; «bai barruko aldea, eta baita kanpokoa ere». Hori horrela, «Ordiziaren idatzi gabeko historia idazteko informazio iturri potentziala» dela uste du.
Gure Iragana taldekoen asmoa, «ahal bezain pronto ikerketarekin jarraitu ahal izatea» da. «Behar den tokian, hasi baino egin ez den ikerketa honekin jarraitzeko proposamena» egitea izango da hurrengo urratsa. «Ordiziaren idatzi gabeko historia idatzi ahal izateko baina baita eremuan egon daitezkeen aztarnak azaleratu eta herritar guztien eskura egongo den parke arkeologiko bat egiteko ere, adibidez».
Iraola bera ordiziarra izanik, bere jaioterrian horrelako aurkikuntza egin izana «gauza oso berezia» dela aitortu du. Eta une honetan, «ikerketarekin jarraitu ahal izatea» da gehien desio duena.
Victor Mendizabal bekaren harira egindako lana
Gure Iragana taldekoentzat urte benetan berezia izan da 2018a. Pasa den astean San Bartolomeko indusketen emaitzak aurkeztu bazituzten, gaur, ostirala, Victor Mendizabal Bekari
esker egindako lanketa aurkeztuko dute. Ordiziako azokaren inguruan hasten da ikerketa. Hitzordua Barrena kultur etxean izango da, gaur, 19:00etan