«Krisia ez da amaitu, eta aurrekora ezin gara itzuli, ez baitzen tokirik onena»
Ramon Ibeas (Legazpi, 1961) Patrizio Etxeberriako langile familia bateko semea da, garai jakin batean jaiotako legazpiar gehienak bezalaxe. Hitz jario handiko ...
Ramon Ibeas (Legazpi, 1961) Patrizio Etxeberriako langile familia bateko semea da, garai jakin batean jaiotako legazpiar gehienak bezalaxe. Hitz jario handiko pertsona da. Etenik gabeko eskuen mugimenduaz laguntzen die indar bizia darien hitzoi. Ezker belarri-gingilan zilarrezko uztaia darama. Gizarte justuago baten eraikuntza du ogibide. Orain hamabi urtetik Arabako Caritaseko idazkari nagusia da. Gasteiz eta Irun artean bizi da. Legazpira gurasoei bisita egitera etorri den astelehen arratsalde batez egin du Goiberri-rekin hitzordua.
Nor da Ramon Ibeas?
[Barre egin du] Ramon deitzen naute. Legazpin jaio nintzen, Patrizio Etxeberriarentzat lan egiten zuen familia batean. Institutura joateko garaian, Urretxukoa topera zegoen eta Oñatira joateko aukera suertatu zitzaigun. Bi autobus ateratzen ziren Legazpitik Oñatira egunero. Hala egin nuen Batxilergoa, Udanan gora eta behera. Gero unibertsitatera joan nintzen nekazaritza peritu ikastera. Fededuna naiz eta teologia ikasten hasi nintzen, bi urtez egon nintzen seminarioan; hura utzi nuen, baina teologia ikasketekin aurrera egin nuen.
Gure belaunaldiak, ikasbidea zela-eta, familia aukerak egon edo ez, kanpora ikastera ateratzeko parada izan zuen lehenengo belaunaldia izan zen.
Fededuna zarela esan duzu, fedea transmisioaren bidetik iritsi zitzaizun ala zure hautua izan zen?
Transmisioaren bidetik bai, jakina. Beste kontu bat da bide horretatik nolako fedea jaso genuen. Aitzitik, Legazpin Iñaki Zabaleta apaizak lan handia egin zuen gazteekin.
Gure kuadrillan lagun asko galdu genituen heroinagatik. Giro politikoa oso gogorra zen, gizartea zatituta zegoen eta tarteak eskasak ziren. Ni zorionez beti izan naiz punk-a.
Punk fededuna?
Bai, guri The Clash, Sex Pistols eta Ramones Ebanjelioarekin nahastu zitzaizkigun. Aipatutako garaiko giro hartan beste mundu bat asmatzeko grina hura batzuek politika arlora eraman zuten, beste batzuek biolentziara [Cojo Manteca, adibidez] eta beste zenbaitzuk kristau ikuspegian eta mezuan topatu genuen abiapuntua. Gu Askapen Teologiara lotu ginen.
Gero ohiko bidea egin nuen: ikasi, lana bilatu, burua jantzi…
Askapen Teologia aipatu duzu.
1992an Limara (Peru) joan nintzen eta han Gustavo Gutierrez filosofoa eta apaiza ezagutu nuen. Askapen Teologiaren oinarriak bildu zituen Teologia de la liberacion: perspectivas (1971) liburuan. Zortekoa naiz, Gustavo lagun dut. Gero Donostiako gotzain izandako Jose Maria Setienekin lan egin nuen zortzi urtez, eta ondoren, jesuitek eskatuta Herri Irratiko albistegietako zuzendaria izan nintzen Mariano Ferrer lankide nuela.
Maisu onak izan dituzu.
Bai, zorte hori izan dut. Inoren dizipulua ez naiz izan, zeren gero erabakiak norberak hartu behar baititu; hau da, norberak jakin behar du nondik nora doan. Areago, esango nuke, hori dela gaur-gaurkoz dagoen erronkarik handiena. Izan ere, gure erronka daukaguna baina auto handiagoa edukitzea bada, bada horrekin ez goaz inora.
Caritasen egiten duzu lan. Zer da Caritas?
Hiru ezaugarri nagusi ditu. Gure aurrekontuaren %22 bakarrik jasotzen dugu diru laguntzen bitartez, beste guztia zuzenean jasotzen dugu. Ez dugu mugarik, 74 nazionalitate ezberdinetako pertsonekin egiten dugu lan eta ia %50 musulmanak dira; hortaz, gure ikuspegia estatuarena baino zabalagoa da. Azkenik, gizarteari Eliza Kristauari buruzko iritzia eskatzen zaionean %5-7ko onespena duela ondorioztatzen da; Caritasi buruz galdetuta, %89ko onespena ematen dio gizarteak. Beraz, Caritasek Elizari esaten dio nolakoa izan beharko litzateken.
Orain hamabi urte Caritasen lanean hasi zinenean nolako egoerarekin egin zenuen topo?
Hasteko, aurrekontua eta beharrak alderatu nituen, eta zenbakiek ematen zutenez, pentsatu nuen lan askorik ez genuela egiteko. Haatik, krisiarekin dena joan zen pikutara. Azken hamarkada oso gogorra izan da gizartearentzat, bereziki aurretik ere gaizki zeudenentzat. Krisiaren barruan batzuk oso ondo posizionatuta zeuden, beldurrez zeudenez ez zuten diru askorik gastatu eta aurreztu egin zuten. Orain, krisia amaitu delakoan, ikararik gabe gastatzen dute.
«Guri The Clash, Sex Pistols eta Ramones nahastu zitzaizkigun Ebanjelioarekin»
«Euskaldun analfabetoak? Zer uste dugu gertatzen dela DBHn porrot egin dutenekin?»
«Gure belaunaldikook gizartea nora doan ulertzeko gaitasuna galtzen ari gara»
«Aporofobia ez da pobreari diogun beldurra, pobre izateari diogun beldurra baizik»
Krisiak gehien kaltetu dituenak aurretik gaizki zeudenak direla esan duzu.
Bada orain 2006an bezala ez gaudela dioenik krisialdia ez dela amaitu adierazteko, baina, orduan oso gaizki geunden. Hara itzuli behar al gara? Jakina ezetz. Aberastasuna bestela banatu behar da. Mundua amaiduna bada denerako da mugatua. Banatuz gero baino ez dugu hobetzea lortuko.
Krisian, gainera, fenomeno bitxi bat gertatu zen. Gizonezkoek krisia pairatu zuten lehenengoak izan ziren, zeren krisiak haietako batzuen lanbide zen eraikuntzari eragin baitzion. Hori ez da arrunta. Denok harritu gintuen. Alabaina, sei hilabete igaro, gauzak bere tokira etorri, eta emakumezkoak buru dituzten guraso bakarreko familiek sufritu zuten gehien. Soslai hori dutenek babesa behar dute. Haatik, murrizketak ahulen beharren esparruetan egin ziren.
Hezkuntza, osasuna…
Bai. Giza izatetik aldentzen ari gara. Giza izatea munduan leku bat izatea da. Hor oreka galdu dugu eta hutsunea gauzekin betetzen dugu. Ez dugu ongi neurtzen zerk egiten gaituen zoriontsu, ezin da hori kantitatean neurtu. Egia da, noski, gutxienekoa behar dela bizitzeko, baina Gasteizen ematen ditugun ehun laguntzetatik hamabi baino ez ditugu dirutan ematen; gainontzekoak bestelakoak dira, entzutea, adibidez.
Gure gizartean besteak oztopo bihurtu ditugu, baina haiek baztertuz gero geure burua baztertzen dugu. Gaixotzean konturatzen gara zenbateraino den garrantzitsua guztionak diren ospitaleak zaintzea; mundukoa zaindu eta zaindu norberarena.
Zein da egungo pobreziaren aurpegia?
Emakumearena, immigrantea, langabetua, ikasketa eskasak dituena, seme-alabak dituena. Guk ez dugu onartzen gurean hainbat gauza gertatzen ari direnik, baina gertatzen ari dira. Euskaldun analfabetoak? Ez, inondik ere, diogu. Baina badaude. Zer uste dugu gertatzen dela DBHn porrot egin dutenekin? Nondik hasi behar gara orduan?
Nondik?
Caritasen maila jaisten hasi gara. Nola iritsi klase ertainetik behera daudenengana? Dinamikak funtzionalak izan behar dira, ez funtzionarioak. Hau da, geu aldatu behar gara, ezin dugu pentsatu haiek aldatuaraziko ditugunik. Guretzat ere erronka handia izaten ari da.
Adela Cortina filosofoa aporofobiaz mintzatu da, gizarteak pobreei dien beldurraz edo gorrotoaz.
Niretzat, aporofobia kontzeptua, hala planteatuta, erredukzionista da. Behartsuak ez ditugu gorroto soilik behartsuak direlako. Guk gorroto ditugu gurea uki dezaketelako, gure konforta puska dezaketalako. Benetako arazoa ezkutatzen da. Gaur behartsua dena akaso bihar ez da eta aberatsa dena akaso bihar pobrea da; dinamikoa da, nahiz eta hainbatetan endekatzen den. Horrez gain, pobrezia gure inguruan hartzen ez diren erabakien ondorioa ere bada. Aporofobia ez da pobreari diogun beldurra, pobre izateari diogun beldurra baizik.
Segurtasun gutxi dagoen gizartea deskribatzen ari zara.
Ignacio Ellacuriak zioen errealitatea aztertu, geureganatu eta errealitate hori aldatu behar dugula. Zalantza da lekua, zalantzan bizi behar gara. Ulertzen dut oso leku deserosoa dela, eta egia da segurtasun minimo batzuk behar direla. Baina segurtasuna helburua bada… Jaurlaritzak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaineko iruzurraren kontrola ezarri zuen, iruzurra %1 baino ez da.
Krisiaren testuinguruan gizartea mobilizatu dela esango zenuke?
Caritasen jasotzen ditugun dohaintzak 233.000 eurotik milioi bat eurora igo dira; beraz, diruaren urratsa eman da. Boluntario kopurua ugaritu egin da eta plataformak sortu, handitu eta mobilizatu egin dira. Familia barruko isileko laguntza hori, neurtzeko horren zaila dena ere hor dago.
Zeintzuk dira gaur-gaurkoz gure gizartearen erronka nagusiak?
Gogoratu beharko genuke 2007an esan genuena. Arazo antropologiko bat daukagu: garrantzi gehiago ematen diogu edukitzeari izateari baino. Beste bat ekonomikoa: finantza merkatuek ez daukate kontrolik, kontrola algoritmoena da. Hirugarren arazoa gobernantzarena da, munduko gobernantza bat behar dugu, bestela beste krisi batera goaz.
Nork pairatuko luke?
Aurreko krisia nozitu zutenek eta haiei gehituko zaizkienek. Klase ertaina desagertzen joango da eta Latinoamerikako gizarteen antza hartuko dute geureek. Onartu beharko genuke aurreko krisia ez dela amaitu eta lehendik zegoen hartara ezin garela itzuli ez baitzen hura tokirik onena. Beste toki bat aurkitu behar dugu. Gure bizitzeko eran zer aldatu daitekeen aztertu beharko genuke. Akaso ezin dugu autoa 130 kilometro ordura gidatu ezta Turkiara hiru egunerako joan ere. Gazteek aldatu beharko dute hori.
Nola ikusten dituzu gazteak?
Punk mugimenduaren leloetako batek zioen: azkar bizi, azkar hil eta zerraldo ederra izango duzu. Esango nuke egungo leloetako bat dela: guztia nahi dut eta berehala nahi dut. Guk, gurasook, seme-alabengan produkzio mekanismoaren logikarekin pentsatzen dugu. Logika oso marxista da, bestalde. Eta, esate baterako, etorkizuna bermatuko dien zer edo zer ikasi dezatela nahi dugu. Gazteak konturatu dira hortik ez dagoela biderik eta beste bide batzuk urratzen ari direla esango nuke. Aurreko martxoaren 8an zerbait esan zuten.
Gure belaunaldikook gauzak nora doazen ulertzeko gaitasuna galtzen ari gara, areago datorrena kudeatzeko. Guk dagoeneko ez dakigu zertan ari diren gure seme-alabak, eta esango nuke, gure zeregina behar dutenean laguntzea dela eta umiltasunez laguntzea.
Eta euskal gizartearen arazorik handiena zein da?
Nire ustez, arazo larriena da zer egingo dugun datozen 40 urteetan egun 35-40 urte dituzten eta batere prestatuta ez dauden pertsonekin. Eusko Jaurlaritzak Euskadi 4.0-ri buruz hitz egiten du, eta badirudi lelo horretan ingeniariak kabitzen direla. Alabaina, gure gizartean langabezian ditugun prestatu gabeko pertsona horiek Euskadi 0.4 dira, horiekin zer? Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eman eta kito? Hori ezin da gure etorkizuna izan. Lanaren esparrua birpentsatu behar dugu. Erronka handia da gizartea kohesionatu egin behar delako.