Eguberrietako aparteko azoka egin dute Ordizian, urteko azkena. Eguraldia lagun, jende asko bildu da herriko kaleetan. Nazioartean saritutako gaztagileei aitortza egin dieteEguberrietako aparteko azokak itxi du Ordiziako feria berezien egutegia; baita ...
Eguberrietako aparteko azoka egin dute Ordizian, urteko azkena. Eguraldia lagun, jende asko bildu da herriko kaleetan. Nazioartean saritutako gaztagileei aitortza egin diete
Eguberrietako aparteko azokak itxi du Ordiziako feria berezien egutegia; baita ohikoena ere, urtarrilaren 2an egingo baitute hurrena. Giro eta jende kopuru aldetik ere, halakoxea izan da aurtengoa, apartekoa. Eguzkiak goiz erdirako epeldu du lehen orduetako hotza, eta jendea pixkanaka hasi da pilatzen Ordiziako kaleetan. Eguerdi partean izan da betealdirik handiena.Asteroko azokako postuez gain, beste dozenaka bildu dira herrigunean eta inguruko kaleetan. Gudarien etorbidea eta Zuhaiztia arropa saltzaileek hartu dituzte. Beti Alai pilotalekuan, oilo eta hegaztien erakusketa zegoen, eta atarian, ahuntz, txerri, pottoka eta bestelako animaliena. Garagartza plazan berriz, loreak eta errezil sagarrak. Postuak ikusteaz gain, Gabino Muruak kimaketen inguruan emandako azalpenak entzutera ere bildu dira asko. Eta Urdaneta kalean eta herrigunekoetan, artisau eta gozogileen produktuak ikus zitezkeen aukeran.
Urte osoko lanari aitortza
Eguberrietako azokarekin bat eginez, nazioartean saritutako gaztandegiei aitortza egin diete Idiazabal Jatorri Izendapenak eta erakundeek. Aurten, 44 gaztandegik 72 sari eta domina lortu dituzte munduan barrena egiten diren lehiaketetan. Horiei guztiei diploma bana eskaini zieten atzo, udaletxeko arkupean egindako ekitaldian.
Goierriko gaztagileei dagokionean, 8 izan dira guztira sarituak: Aizpea, Baztarrika, Basazabal, Gaztañaditxulo, J. Aranburu elkartea, Joseba Insaustiren Otatza, La Leze eta Troskaeta.
Ekitaldia gaztagile horiek guztiek «urte osoan zehar egiten duten lanari egindako aitortza» dela azaldu du Jose Migel Santamaria alkateak, eta azoka, «salmentarako erakusleiho» dela gaztagileentzat.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuordeak berriz, nazioartean saritutako gazta ekoizleak «gero eta gehiago» direla azpimarratu du, eta lehiaketa horiek «produktua posizionatzeko garrantzitsuak» direla. Gainera, «kalitate izugarriko produktua» dela eta «balioan jarri» behar dela azaldu du.
Inazio Gil Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako zuzendari nagusiak ere, «altxor bat den produktu hau balioan jarri» behar dela esan du, baita produktu horren atzean dagoen lana ere.
Bere aldetik, Jose Mari Ustarroz Idiazabal Gaztaren jatorri izendapeneko Lehendakariak, «barne merkatua eta bertako bezeroak mantendu eta mimatu» egin behar direla esan zien gaztagileei, baina «kanpora ateratzeko eta nazioartean aritzeko aukera» ere aprobetxatu dezatela, aukera berriak zabaltzen dizkielako horrek.
Postu bereziak eta agur bat
Asteroko eta feria berezietako postuez gain, aurten izan da bestelako batzuk ikusteko aukerarik. Juanjo Martinez de Rituerto sukaldariak, Idiazabal gazta oinarri duten pintxoak prestatu ditu plazan. Jakes etxearen atarian, ikasturte bukaerarako dirua biltzeko asmoz, txistorra pintxoak banatzen ari zen gazte talde bat. Barrena jauregiaren alde batera berriz, Euskal Eskola Publikoaren aldeko festako kamisetak zituzten salgai, Makina bat taupada leloarekin.
Ordiziako feriako ezagun handietako batek agur esango du laster. Izan ere, feriatik erretiroa hartzera doa Alcides Paz musika saltzailea. Lekuz aldatuta, baina atzokoan ere, ohiko rantxera doinuekin alaitu zuen feriako giroa. Errenteriarra 1981. urtean hasi zen Ordiziara etortzen, eta 37 urteren ondoren, adio esango die feriei.
Urteko azken feria izan da aste honetakoa; baina ez da hori azoka honek itxi duen ziklo bakarra; Ordiziak hiribildu titulua jaso zueneko 750. urtemugako ekitaldien bukaera ere jarri baitu atzoko feriak. Ekitaldiz betetako urtea izan da, denboran atzera begiratzeko tartea eman duena. Orain, urte berriari begira jartzea tokatzen da.