Kolorez kolore
Aurten abenduaren 21ean agurtu da udazkena, 23:23 inguruan, urteko gaurik luzeenarekin batera eta, esaera zaharrak dioen moduan, «argitu orduko ilundu» egiten ...
Aurten abenduaren 21ean agurtu da udazkena, 23:23 inguruan, urteko gaurik luzeenarekin batera eta, esaera zaharrak dioen moduan, «argitu orduko ilundu» egiten duen San Tomas egunean. Atzean geratu da beraz, irailaren 23an hasi eta 89 egun eta 20 ordu iraun duen urtaroa. Aurrera begira, urteko egunik hotzenak dator; negua martxoaren 20ra arte luzatuko da, eta 88 egun eta 23 ordu iraungo du.
Metereologia aldetik nabarmendu ez den udazkena eguraldi egonkorrarekin eta epelarekin agurtu da aurten, azken egunetako joera berberarekin. Eta horixek izan dira, orokorrean, urtaro osoaren ezaugarriak: egonkortasuna eta tenperatura epelak, baita ohi baino euri gutxiago ere. Baina izan du berezitasunik joan berri den udazken honek, berez urteko urtaro koloretsuena izaten bada, aurten koloretsuagoa izan delako eta goizetan egunsenti ikusgarriak utzi dituelako kolore gorri-gorriko zeruekin.
Hilabetez hilabete
Legazpiko estazio meteorologikoaren ardura duen Alonso Francesek zera aurreikusi zuen udazkenerako: «Beroa egingo du urrira arte, eta hilabete horretan tenperaturak jaisten hasiko dira, baina hego haizea dela eta leunak izango dira». Hiru hilabete hauetako datuak ikusita, pronostikoa bete egin dela esan daiteke.
Hala, iraileko azken egunetan bero egin zuen eta Ordizian, esaterako, 32,4 gradu neurtu ziren hilaren 27an;?Zegaman eta Legazpin ere gertu ibili ziren termometroak. Euriari dagokionez, udazken hasiera lehorra izan zen eta berez oso euritsua izaten ez bada, aurten ez zuen ia euririk egin, eta hilabete osoko batez bestekoa besteetan baino bajuagoa izan zen.
Urrian, dagokion bezala, irailean baino bajuagoak izan ziren tenperatura minimoak eta maximoak, hau da, freskoagoa izan zen hilabetea, batez ere hego haizea ez zelako beste urteetan bezainbeste sumatu. Euria, berriz, asko egin zuen, baina oso banatuta, eta lehen asteburutik aurrera gainera. Askok gogoan izango dute Urretxu-Zumarragan urriaren 7an euripean egin zen Kilometroak festa (23 litro jaso ziren egun osoan zehar Zumarragako Euskalmeten estazioan). Elurra ere ikusi zen mendietan urrian, hilaren amaieran, ohi baino lehenago.
Azaroan, tenperaturaren jaitsiera nabaria izan zen, eta maximoak, salbuespenak salbuespen, ez ziren 18 gradura iritsi; minimoak, aldiz, gehienak 10 gradutik beherakoak izan ziren eta behin baino gehiagotan hurbildu ziren gradu bakarrera. Baina euri gutxi egin zuen azaroan, normalean 200 litrotik gora egiten du eta aurten, Zegaman kenduta, ez zen 100 litrora iritsi.
Amaitzeko, abendua oraindik hotzagoa izan da, eta tenperaturak 0 gradutik gertu ibili dira behin baino gehiago-tan –izotza, gutxi, baina egin du Goierriko hainbat baztarretan– eta maximo gehienak 15 gradutik gorakoak izan dira. Euria ere egin du udazken amaiera honetan, eta egun euritsuena abenduaren 13a izan da,?Santa Lutzi eguna. Feria aterkiz lagunduta ospatu zuten Urretxun eta Zumarragan (24,3 litro jaso ziren egun hartan Aitzuko estazioan).
Urte osoko euriari dagokionez, udazkena oso euritsua izan ez bada ere, bete bakarrik ez, gainditu ere egingo dira azken urteotako batez bestekoak. Hala, Legazpiren kasuan, 1.700-1.800 litrorekin bukatuko da urtea, iaz baino 300-400 litro gehiagorekin alegia. Urtearen hasiera, maiatzera arte oso euritsua izan da;?abuztua, iraila eta azaroa, berriz, batez bestekoaren azpitik ibili dira.
Neguari begira
Neguaren hasierak Gabon jaiekin egin du bat, eta lehen egunak eguraldi egonkorrarekin joateaz gain, ez du aparteko hotzik egin. Hurrengo asteetan eguraldi nahasiagoa eta hotzagoa espero da.
Alonso Frances aditu legazpiarrak berak ere hala espero du, «aurtengoa baino zertxobait hotzagoa». Urte osoa ere halakoa izango dela dio, eta udan beroago egingo duela. Aurten bezainbeste elur ez duela egingo ere iragarri du, eta euria ere, ohi baino gutxiago.