Ziklo-Kroseko Euskadiko txapelketa jokatuko da igandean Beasainen
Loinatz auzoan prestatu du 2.605 metroko ibilbidea Loinatz Txirrindulari Elkarteak. Mailaz maila lehiatuko dira, 10:00etan hasita. 12:45ean hasiko da elite eta 23 urtez azpikoen lasterketa
Eliteen eta 23 urtez azpikoen saioa 12:45ean hasiko da. Belgikako Zolderren jokatutako Munduko Kopan 40. postua lortu berri duen Javier Ruiz de Larrinaga Beasainen izango da. Berarekin batera lehiatuko da Beasaingo zirkuitua ondo ezagutzen duen Aitor Hernandez. Gorka Izagirrek ere izena emana du dagoeneko, eta Ion Izagirre ere bertan egotea aurreikusten dute antolatzaileek.
Emakumezkoetan, berriz, Munduko Kopan parte hartu duen Luisa Ibarrola ez da Beasainen izango, baina Olatz Odriozola, Lierni Lekuona eta Zaloa Trevilla ariko dira lehian.
Igandeko ziklo krosaren eraginez, Loinatz auzoko trafikoa etenda geldituko da igande goizean 10:00etatik 14:00etara; denbora labur batez irekiko dute bidea ( 10:35 11:35 12:40). Bestalde, bihar, 09:00etatik aurrera, Errekarte kalean, San Martin baselizara joateko bidegurutzetik 48.eraino eta Antzizar Kiroldegi pareko aparkaleku osoan, ibilgailua aparkatzea debekatuta egongo da.














