'Beste denbora batean' diskoa argitaratu du Garik (Legazpi, 1963). Azken lanen ildoa jarraituz musika garaikidea ondu du. Oihartzun handiko gauzak baino, eguneroko txikitasunak izan ditu iturri.Disko berria argitaratu berri duzu. Gustura gelditu zara a...
‘Beste denbora batean’ diskoa argitaratu du Garik (Legazpi, 1963). Azken lanen ildoa jarraituz musika garaikidea ondu du. Oihartzun handiko gauzak baino, eguneroko txikitasunak izan ditu iturri.
Disko berria argitaratu berri duzu. Gustura gelditu zara azken emaitzarekin?Normalean, norberak disko bat erditzen duenean gustura gelditzen da. Ondoren, ordea, musikariak behin diskoa grabatu eta kaleratuta, perspektiba guztiz aldatzen du. Diskoak bere norabidea hartzen du eta artistak beste ibilbide bat egiten du. Azken honetan, gehienbat zuzenekoetara bideratzen da prestakuntza la-na. Nahiz eta kanta berak prestatu, egoerak eta tratamenduak bestelakoak dira.
Distantzia bat hartzen duzu diskoarekiko, baina erditze hori, oso prozesu polita izan da. Disfrutatu egin dugula azpimarratuko nuke gehienbat.
Nolako lana da ‘Beste denbora batean’?
Lan berria, zentzu askotan, ausarta dela esango nuke. Bada kanta bat zuzenean estudioan grabatu duguna adibidez, diskoko hainbat elementu berezirekin batera. Ondoren fokua hitzen aldetik egunerokoan jarri dugu, nahiz eta denbora bera ere sarritan agertzen den.
Nik uste dut, azken finean, nire pentsamendua eta fokua momentuan jarrita dagoela. Eguneroko gauza txiki horietan alegia. Sarritan gauzak txikiak direlako ez gara ohartzen hor daudenik ere, baina azkenean errutina horiek dira egunerokoa markatzen digutenak.
Egunerokotasuna izan duzu ardatz beraz?
Bai. Bada abesti bat diskoan, Simplescosas, bertsio bat baino ez dena, baina sintonia bat erakusten da bertan eguneroko gauza txiki eta nire egungo ibilbidearen artean.
Fokua gauza txiki horietan jartzen dut bertan ikusten dudalako garrantzia. Sarritan garrantzia argi asko egiten duten gauzei ematen diegu, baina ez gara ohartzen egunerokoa gauza txikiek osatzen dutela.
Nolako musika entzungo du diskoa entzuten duenak?
Estutu diskoarekin, beste bide bat ireki nuen. Atmosfera desberdin bat zekarren hark aurrekoarekin alderatuta, sonoritate garaikideagoa zuen. Baina oraingoan are gehiago irekitzen da ate hori, nahiz eta bide horretatik jarraitzen dudan. Nolabait esateko, argi gehiago aurki dezakegulakoan nago Beste denbora batean diskoan.
Jon Agirrezabalaga ekoizlearen laguntzarekin grabatu duzu diskoa.
Bai eta gauza ugari ematen dizkio Jon Agirrezabalagak berak diskoari. Norberak bere gelan kantuak idazten dituenean eta kanta horren jantzi desberdinak pentsatzen dituenean, ondoren ez gara gai izaten hor entzuten dituen sonoritate guztiak gauzatzeko eta horretarako oso garrantzitsua da kanpoko figura bat. Produktorearen figura ezinbestekoa da diskoa portu onera eramateko.
Deustu eta Urdulizko estudioetan izan zara. Nolakoa izan da grabaketa prozesua?
Hori da. Deustuko El Tigre estudioetan eta Urdulizen grabatu dugu. Azken honetako hautua estudioaren azalera eta kokapenagatik egin dugu. Sala handi bat dute eta horren beharra genuen zuzeneko saioa grabatzeko. Desira abestia bertan grabatu genuen zuzenean, ez horrelako toki bat behar genuelako bakarrik, kokapena zein akustika zoragarriak dituelako ere egin genuen aukeraketa hau.
Diskoaren aurkezpena berezia izan zen. Bilboko Arte Ederren Museoan estreinatu zenuen.
Bai, beti saiatu naiz diskoen aurkezpenetarako espazio publikoak erabiltzen. Ni gipuzkoarra izan arren, Bilbon asko maite dudan tokia da Arte Ederren Museoa. Gune zoragarri bat dela iruditzen zait, non Euskal Herriko artista garaikiderik onenak topa ditzakegun bertan. Berezia izan zen beraz, ez tokiagatik soilik, laguntza eta babes handia jaso nituelako baizik.
Oso gustura egin nuen eta garrantzitsua iruditzen zait diskoa bera sortzeaz gain, honen inguruan egiten diren ekitaldi eta espazioak behar bezala edukiz betetzea.
Hemendik aurrera zer espero duzu? Zein ibilbide izatea espero duzu oraingo lanarekin?
Orain arte jarrera zein harrera ona jasotzen ari gara, baina gu jada zuzeneko zerrenda prestatzen gaude. Beste denbora batean zuzenera egokitzen ari gara eta indarrak horra bideratuta ditugu guztiz.
Zita garrantzitsuak dituzu agendan.
Noski. Aurre estreinaldia Elgetan egin dugu, abenduaren 29an, Espaloia Kafe Antzokian. Ondoren, urtarrilaren 4an Viktoria Eugenia Antzokian joko dugu Donostian, otsailaren 29an Arriaga Antzokian…
Baina Hertzainak taldearen lehen diskoaren urteurrena tarteko, ideiaren bat lantzen ere ari gara.
2019an 35 urte beteko dira Hertzainak-en lehen diskoa argitaratu zenutela. Zer aurreratu dezakezu Bilbon eman asmo duzuen kontzertuaz?
Nik perspektiba galdua dut erabat. Oso zentratuta ditut nire lanak egunerokoan eta fokua horretan dut jarria. Zuzenekoari buelta bat ematekotan gara urteurrenaren harira, entzuleari zerbait berezia eskaini nahi diogu baina gauza sinpleetan oinarrituz. Ez dugu handitasunean erori nahi, eta publikoari gauza bereziak eskaini nahi dizkiogu beraiek ere berezi senti daitezen.
Desberdina al da kontzertua, aretoko jende kopuruaren arabera? Beste faktore batzuk ere eragingo dute ezta?
Nire ustez ez du zerikusirik kopuruak. Berriro diot, nire ustea da, baina espazio txikietan sortzen den komunioa oso desberdina da. Publikoak asko eskertzen du harremana estutzea, gero eta gehiago.
Formatuak ere badu eragina. Biluzik, alegia gitarra akustiko batekin bakarrik agertzen zarenean, harremanak ere desberdinak dira. Espazioaren arabera zure betebeharra ez da musikari bezala bakarrik jardutea, artista bezala ere aritu behar zara.
Entzuleak betetzea al da zailena?
Zailena ez dakit, baina zeregin nagusia hori dela iruditzen zait. Musikari baten betebeharra azken finean hori da, zure espresio eta sentimendu horiek azaltzea, mahaigaineratu eta aurrean dituzunekin partekatzea.
Durangoko Azoka kulturaren erakustokia da eta zu aurten ere bertan izan zara. Nolako harrera izan duzu?
Hori da, derrigorrezko zita da guretzat Durangokoa. Harrera oso ona izan dugu gainera, eta ez azokan bakarrik. Diskoak orokorrean ibilbidea ondo hasi du eta harreman berezia izan du publikoarekin azken lan honek. Abesti bereziak ditu, esanguratsu bezain deigarriak doinu eta hitzen aldetik, eta helburu txikiak lortzen ari gara.