Jose Maria Gonzalez Perez ziklista ohi ordiziarra omenduko dute Ormaiztegiko ziklo-krosean, igandean. 1968ko eta 1970eko probak irabazi zituen. Sei urtean profesional izan zen, Espainiako txapeldun behin. Trasplantatu gisa lehiatu da, orain gutxi arte.
Jaio zenean, 1942ko azaroaren 13an, Cerezo de Rio Tironen (Burgos, Espainia) Jesus Mari izena jarri zion Gonzalez Perez sendiak mutikoari. Hala ezagutzen dute betiko lagunek, eta Jesus esaten dio oraindik Izaskun Goizurieta emazteak. Ofizialki, baina, Jose Maria Gonzalez Perez da. Aitapontekoaren gutizia, hura joan baitzen besoetakoa inskribitzera. Soldadutzan jakin zuen Jesusek Jose Maria zela.
Izenak izen, gaztetan Euskal Herrira etorri zen lanera. Eibarko Matxaria tailerrean, eskopeta kanoiak egiten hasi zen. Hango nagusiak bermea sinatuta erosi zuen lehen bizikleta. «Hilero 1.000 pezeta kentzen zidan soldatatik gero, ordaindu arte», dio Jose Maria Gonzalezek.
Ziklo-kroslari handia izan zen, 1960-70eko urteetan. Ia 200 karrera irabazi zituela kalkulatzen du. «Urte batean, 25 probatik 22 irabazi nituen». Zarautzen, be-hin, garaikurraren ordez gitarra batekin saritu zuten, irabazteagatik. Gordeta du. Karpy, Xey eta La Casera taldeetan ibili zen. 1970ean Espainiako txapeldun atera zen. 1969tik 1975era, urtero igo zen podiumera.
Ibarran ezagutu zuen Izaskun Goizurieta, emazte duena. «Soldadutzara joan nintzenean, lana utzi, eta erabat bizikletara dedikatu nintzen. Tolosako Polittena tabernan bizi ginen». Andregaiak laguntzen zion karreretan laguntzaile modura. Aitzindari izan zen Goizurieta, lehen emakumea izan baitzen asistentzia lanetan, De Vlaeminck-en eta Declercq-en emazteekin batera.
Gerora, Ciclos Gonzalez txirrindu denda eduki zuten senar-emazteek, Ordiziako Otegienea auzoan, 25 urtean. «Zenbat gurpil-izpi jarri ote dut nik», dio Goizurietak. Txirrindulari gazteak etxean hartzen zituzten, inguruko karreretara etorritakoan. Zugaitz Ayusoren laguntzaile ere jardun zen Gonzalez, geroago.
Trasplantatuen probetan
Ziklo-krosean ibili zen gehien Gonzalez. Errepidean ere zerbait bai, independente bezala. Ordiziako Klasikoa ezin galdu. Egongelaren erdian dauka orduko argazki bat, 1968 edo 1969koa. Bidanian gora, tropel buru doa Gonzalez, alboan Momeñe, Carril, Zubero eta Linares dituela.
Ziklo-krosa inoiz ez da samurra izan; orain 50 urte gutxiago. «Gogorra zen. Teknika nuen bizikletan ibiltzeko. Martxan, bizikleta aise jaisten nuen».
48 urterekin bihotzekoa izan zuen, eta bihotza trasplantatu behar izan zioten. Ez zuen ezinak zimurtu. Trasplantatuen munduko txapelketetan segi zuen. Duela lau urte utzi zuen.