Kantakak, Urmaizek eta Ezkio-Itsasoko koruak 'Kontzertua lagun artean' emango dute Ormaiztegin
![IMG_6574](http://goierri.hitza.eus/site/files/2019/01/IMG_6574.jpg)
Ormaiztegiko parrokiak kontzertu paregabea hartuko du datorren asteko larunbatean, urtarrilaren 12an. Ormaiztegi bertako Urmaiz, Lazkaoko Kantaka eta Ezkio eta Itsasoko abesbatzak elkarrekin arituko dira ‘Kontzertua lagun artean’ emateko, Arabako Koru Sinfonikoarekin batera eta talde instrumental batek lagunduta. Vivaldiren
Gloria eta Saint Saëns-en
Oratorio de Nöel interpretatuko dituzte. Hitzordua 19:30ean izango da, San Andres elizan.
Kontzertua dohainik izango da eta goierritar guztiak gonbidatzeko eta bere xehetasunak emateko Ormaiztegiko Gizarte Etxean elkartu dira gaur Izaskun Unzurrunzaga kultura zinegotzia, Urmaizeko zuzendari Alberto Saez Puente eta lehendakari Belen Iza, kontzertuko ahots teknikaren arduradun Ainhoa Merzero, Kantakako zuzendari Javier Alberdi eta Ezkio eta Itsasoko koruaren zuzendari Xabier Barriola.
Hiru abesbatzen elkarlana
Goierriko hiru abesbatza txiki horien elkarlanetik sortutako proiektua da Ormaiztegiko kontzertua, “zerbait magikoa” Saez Puentek adierazi duenez. Kantaka, Ermaiz eta Ezkio-Itsaso abesbatzak, Arabako Koru Sinfonikoa eta Orfeon Mirandes eta Beasaingo Loinaz koruko hainbat kide batuta, 120 abeslari izango dira emanaldian, hau da, Merzeroren hitzetan, “orfeoi baten pare”. Maila altuko abeslari solistak lagunduko diete, baita biolin, biola, txelo, kontrabaxu, oboe, organo, tronpeta eta piano jotzailez osatutako orkestra batek ere.
Goierritarrentzat “opari bat” izango da
Gloria eta
Oratorio de Nöel entzutea Alberdiren esanetan. Goierriko hiru abesbatzako kideentzat, berriz, bi obra horiek interpretatzea eta gainerako abeslari eta musikariekin jardutea “ohore bat” dela adierazi du Barriolak.
“Maila handiko kontzertua izango da, ezohikoa eta kalitatezkoa”. Goierriko musikazalek galdu ezin duten hitzordua.