Urretxuko Udalak Jose Mari Lasa plaza eta bere ingurua berrituko ditu
Urretxuko Udalak 9,2 milioi euroko aurrekontua onartu du 2019rako, iazkoa baino %4,20 gehiago. Inbertsioei dagokienez, atal honen zenbatekoa 1,2 milioikoa da: iaz baino %73,68 gehiago. Inbertsio garrantzitsuena lizeo eta Jose Mari
Urretxuko Udalak 9,2 milioi euroko aurrekontua onartu du 2019rako, iazkoa baino %4,20 gehiago. Inbertsioei dagokienez, atal honen zenbatekoa 1,2 milioikoa da:?iaz baino %73,68 gehiago. Inbertsio garrantzitsuena lizeo eta Jose Mari Lasa plaza inguruan egingo da: igogailua jarriko da eta berrikuntza lanak egingo dira.
Lehen fasean Jose Mari Lasa plaza eta bere ingurua berrituko dute. Aurrekontua 200.000 eurokoa da. Urretxuko Udalak aspalditik du inguru hori berritzeko asmoa eta arkitekto bati proiektua diseinatzeko eskatu diote. Proiektua martxorako prest egongo da.
Horretaz gain, Kalerrota eta Labeaga kaleak igogailu bidez lotuko ditu. Igogailua lizeoaren eta etxe-orratzaren artean jarriko dute. Aurrekontua 210.000 eurokoa da.
Mugitegi industrialdean ere inbertsio garrantzitsua egingo dute: asfaltoa berrituko dute. Aurrekontua 228.000 eurokoa da. Bestalde, Iparragirre plaza azpiko garajeak suteen inguruko araudira egokituko dituzte. Oinezkoentzako irteera berri bat egingo dute eta, bide batez, ura ez sartzeko eta plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Aurrekontua 100.000 eurokoa da.
Beste 96.000 euro Plan Orokorra diseinatzeko erabiliko dira eta 65.000 gehiago beste proiektu batzuk diseinatzeko: pasiotarren eraikina, Aspaceren lokala…
Horretaz guztiaz gain, obra txikiak egingo dira: espaloiak berritu (40.000 euro), hiri altzariak berritu (12.000), saneamendu sarea hobetu (8.000), auzoak txukundu (20.000), haur parkeak berritu (15.000), Gainzuri ikastetxean konponketa lanak egin (25.000), Urrelur museoan berrikuntzak egin (10.000), landa lurrak erosi (24.000), asfaltatze lanak (15.000), argiteria berritu (40.000), kiroldegian inbertsioak egin (10.000), Ederrena pilotalekuko aldagelak berritu (60.000), baserrietako bideak konpondu (15.000)…
Osoko bilkuran Jon Luqui alkateak etorkizunean aurrekontuaren zatirik handiena gizarte zerbitzuetara bideratu beharko dela aurreratu zuen. Hala, Gizarte Ekintza sailaren aurrekontua %7,25 igo da.