Urtarrilaren 19an izango da Igartzako jauregian .2 eta 18 urteko ikasleen Goierriko irakasleei zuzendua dago. Transexualitatea ardatz izango duen bertso saioarekin amaituko da apirilaren 5ean
III. Trans Zikloaren aurkezpena.
«Pertsonak helburu hartuta, trans kolektiboaren errealitatea eta egoera bistarazi eta honen aldeko sentsibilizazio eta aitortza izatea» du helburu Beasaingo Trans Zikloak. Hirugarren aldia izango da aurtengoa eta Nekane Zaldua Berdintasun zinegotziaren esanetan, Goierriko Zubiak Ekaitz Goikoetxeak eta udalak elkarlanean osatzen duten egitarauarekin, «sexu eta genero aniztasunaren aldeko sentsibilizazioa eta errespetuzko harremanak sustatzeko eta normalizatzeko pausoa» eman nahi dute. Aurtengo Trans Zikloa, urtarrilaren 19an hasi eta apirilaren 5ean amaituko da.
Irakasleen prestakuntza zerbitzua eskaintzen duen Berritzeguneak Ekaitz Goikoetxearekin batera antolatutako Trans-formatzen jardunaldiak irekiko du aurtengo zikloa. Urtarrilaren 19an, 09:30etik 13:45era bitartean, Igartzako jauregian elkartuko dira Goierri osoko ia ikastetxe guztietako 2 eta 18 urteko ikasleen 140 irakasle elkartuko dira bertan.
Berritzeguneko Pilare Muxikaren esanetan, «ikastetxe guztietara ezagutza eta sentsibilizazioa zabaldu behar zirela ikusi genuen duela bi urte eta Trans-formatzen dokumentalaren ondoren harremanetan jarri ginen Ekaitz Goikoetxearekin». Ezagutu, lagundu ahal izateko goiburupean, goiz osoko formazio jardunaldia osatu dute. «Oso-oso harrera ona izan du eta eskualdekoei eman diegu lehentasuna».
Batetik, Bea Sever sexologoak eta Chrysallis EH-ko gurasoak, 15 urteko Einarr Manterola Fernadez donostiarrak eta beste guraso batek beraien bizipenak kontatuko dituzte, «zuzeneko testigantzek indar handia dute eta». Bestetik, Goikoetxeak berak sortu dituen hezkuntzarako baliabide praktikoak aurkeztuko dizkie gainerako irakasleei. Azkenik, Goikoetxeak berak Garazi Zabaletarekin eta Aitor Lanasekin batera osatutako Trans-formatzen dokumentala ikusi eta landuko dute, eta Mahaitasunez-Mesame emanaldi berrituaren lagina aurkeztuko dute.
Egitaraua
Urtarrilaren 19an. Irakasleen jardunaldia Igartzako jauregian.
Otsailaren 7an. Trans formatzen dokumentala, Beasain BHI eta La Salleko ikasleentzat.
Otsailean. German Urteagaren bizi esperientzia hitzaldiak Andramendi Ikastolako, Beasain BHI eta La Salleko ikasleentzat.
Martxoaren 1ean. Mahaitasunez emanaldia.
Martxoaren 29an. Aitzole Araneta sexologoaren hitzaldia.
Apirilaren 5ean. Bertso saioa German Urteaga, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Alaia Martin, Maider Arregi eta Manu Goiogana bertsolariekin eta Ekaitz Goikoetxea gai jartzailearekin. Igartzako jauregian.