Umorea eta musika bat eginda
Golden Apple Quartet taldeak kontzertua egingo du ostiralean, 22:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Sarrera guztiak saldu dira dagoeneko. Atzo eguerdian prentsaurrekoa egin zuten Zelai Arizti aretoan bertan, kontzertua aurkezteko. Ekitaldian
Golden Apple Quartet taldeak kontzertua egingo du ostiralean, 22:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Sarrera guztiak saldu dira dagoeneko.
Atzo eguerdian prentsaurrekoa egin zuten Zelai Arizti aretoan bertan, kontzertua aurkezteko. Ekitaldian taldeko hiru kidek parte hartu zuten: Edu Errondosoro, Loyola Garmendia eta Manu Romano. Azken hau Urretxun eta Zumarragan bizi izan zen. Beraiekin batera, Mikel Serrano alkatea eta Hirutek enpresako Rikar Intxausti egon ziren. Hirutek enpresak Zelai Arizti aretoa kudeatzen du eta kontzertua antolatu du, udalaren laguntzarekin.
Serrano pozik azaldu zen. «Zuek hemen izatea harro egoteko modukoa da eta dotore jantziko gara kontzertura joateko. Zuen gertutasuna aipatzekoa da eta asko gara zuekin primeran pasa dugunak. Hirutek enpresari eskerrak eman nahi dizkiot. Dagoeneko makina bat artista ekarri ditu herrira eta udalaren agenda primeran osatzen du», esan zuen alkateak.
Golden Apple Quartet musika taldeko kideek oso pozik daudela esan zuten. «Gran Seleccion ikuskizuna egingo dugu. 30 urteko ibilbideko abesti arrakastatsuenak abestuko ditugu. Beti bezala, umorea erabiliko dugu. Beti primeran pasatzen dugu eta hori kutsatu egiten da».
Intxausti hunkituta azaldu zen. «200-500 eserlekuko aretoen artean, Zelai Arizti Gipuzkoako onena da. Golden Apple Quartet taldeko kideei eskerrak eman nahi dizkiet, berehala baiezkoa eman baitzidaten. Nik jarritako baldintzekin, gainera. Zumarragako Udaleko Kultura saileko Izaskun, Estitxu eta Lourdesi eta alkateari ere eskerrak eman nahi dizkiet. Beraiekin lan egitea gozamen hutsa da. Beti baiezkoa ematen didate. Hori ez zait beste inon gertatu. Kultur etxeko Mikel eta Olatz eta brigadako langileak ere aipatu nahi ditut. Baita kontzertura etorriko diren ikusleak ere. Astebete lehenago dena salduta edukitzea lasaigarria eta pozgarria da».
Taldeko herritarra
Romano bereziki hunkituta zegoen, bere senitarteko eta lagunen aurrean abestuko baitu. «Ikasketak La Salle-Legazpin egin nituen. Ikastetxe horretan asko abesten zen eta lehiaketak ere antolatzen zituzten. Beti musika zalea izan naiz. 15-16 urterekin lagunekin Beatles taldearen abestiak jotzen nituela gogoratzen dut».
16 urterekin Donostiara joan zen, irakasle-ikasketak egitera. «Saskibaloia gustuko dut eta Esnalek Goierrin jokatzea eskaini zidan, baina Donostiara joateko asmoa nuen. Donostiako Don Bosco taldean jokatu nuen. Musika ikasketak ere Donostian egin nituen. Golden Apple Quartet taldearen sorreran parte hartu nuen eta handik urtebetera utzi egin nuen, lanagatik. Duela 17 urte itzuli nintzen».
Urretxun eta Zumarragan Gabonetan egon zen azkenekoz. «Gabon egunean, lagunok senitartekoen etxeetan abesteko ohitura dugu. Gure ohitura horrek 50 urte bete ditu».