Ez da aparteko nobedaderik izan Ordiziako plazan, bai, aldiz, Juan Amezketa kalean, zuhaitz landaketen garaian sartu garenaren adierazle. Justo Dorronsoro landare saltzaileak denboraldia hasi du.
Hori dute gure merkatuek, garaian garaikoaren marka berez erakusten dute. Irakurtzen ikasteak merezi du, naturara hurbilduko baikaitu.
Atalez atal ikusiz, hemengo barazkiei dagokienez negukoak aipagai: azaki, zerba, ziazerba, porru eta abar. Frutetan, sagar errezila da nagusi, kiwiak, azken kakiak eta, aurten gutxi bada ere, hur eta intxaurrak.
Artzaintzari dagokionez, esku bete lan duteneko garaian sartu dira artzainak. Batzuk, arkume asko kenduta, ia gazta egiten hasita dira, beste batzuk arkume jaiotza eta gaztagintza uztartuz ari dira, eta gutxi batzuk beranduxeago hasiko dira lan horietan. Momentuz plazan ardi esnea salgai da, litroa 2,40 euroan, eta Larsabik emandako informazioaren arabera, arkumearen prezioa kiloko 3,46 euroan da, %10eko BEZ barne eta bizirik pisatua. Gazta berria laster salgai izango da, egin eta ontzen bi hilabete pasa orduko. Gazta berriaren aurkezpena ofiziala, urtero bezala, Pazko Asteko asteazkenean egingo da, Artzain Eguneko azoka berezian; aurten apirilaren 24an egokitu da Artzain Eguna.
Bide batez, aurrera ditzagun gainerako azoka berezien egunak: irailaren 11n izango da Euskal jaien barnean urteko sona handiena duen feria, eta abenduaren 24an, azkenik, Gabonetako berezia.
Zuhaitzak aldatzeko garaia
Plazako kokagunetik irten eta Juan de Amezketa kalera joz gero, arbola landareak daude denboraldiari hasiera emanez. Saltzaile bakarra agertu da, Justo Dorronsoro ataundarra, Orain hasi eta, ondo bidean, martxora arte astero etorriko da, San Josera arte. «Ohiturak aldatu egin dira, hemen ez da hainbeste saltzen, jendea etxera zuzenean errazago joaten da orain», zioen landare saltzaileak. Hala ere, garrantzia ematen zion Justok feriara etortzeari: «Ez da saltzea bakarrik, jendearekin hitz egin, informazioa trukatu eta tratuak lotzeko egokia gertatzen da».
Egungo basoen egoeraz galdetuta, «terrenoak garbitzen ari dira, gaitza dela eta pinuak kentzen batez ere, baina aurrera begira zer bilakatuko diren eremu horiek ez dago garbi oraindik», zioen. «Lehen ondorengoengan pentsatuz zaintzen ziren lurra eta mendiak, epe luzeko arbolak aldatzea normala zen, pagoak, haritzak… baina orain horien egurrak duen balio eskasa ikusita sutarako egurra baita, bakoitzak bere bizi epean korte bat behintzat ziurtatu nahi du, eta hori pinuarekin lortzen da». Beste ondorio batzuk ere kontuan hartu behar direla gogora ekartzen du Dorronsorok: «Zenbat eta lehenago etorri, arbola horrek gehiago txupatzen du lurretik, pinuak hori du eta eukaliptusak oraindik gehiago».
Ondo pentsatu beharrekoa da gure basoetako plangintza.