'Bizibidaiatzeko irlak' ikus-entzunezkoa eskainiko du gaur Mikel Bringasek Legazpiko Kultur Etxeko areto nagusian, 19:30ean. Bizikletan bidaiatzen du Bringasek familiarekin batera.

Gaur
Bizibidaiatzeko irlak ikus-entzunezkoa emango du Mikel Bringas donostiarrak Legazpiko Kultur Etxean, 19:30ean. Aurten 25 urte betetzen dira Rosa bikotekidea eta Bringas bizikletan bidaiatzen hasi zirenetik. Denbora tarte horretan bi seme-alaba izan dituzte eta ordutik haiekin egin dituzte bidaiak. Bost kontinenteak zapaldu dituzte euren bizikleten gurpilek.
Legazpin, hainbat irletan barrena egin dituzten bidaiak erakusten dituen ikus-entzunezkoa erakutsiko du Bringasek. «Irlena aitzakia izan da bidaien laburpen bat egiteko», dio bidaiariak. Ordu erdiko bideo bat emango du, galdera erronda zabalduko du eta jolas batekin amaituko du emanaldia.
Urtero-urtero egiten dute bizikleta bidaiaren bat oporraldian. «Atzera begiratuta, harrituta geratzen naiz haurrak txikiak zirenean genuen energiarekin. Hasieran eskarmentu handirik ez genuen eta etxe erdia eramaten genuen, gero gutxirekin molda zaitezkeela ikasi genuen».
Bizikletan joatearen arrazoia erraz laburbildu du Bringasek, «gozatu egiten dugu eta bizikletari alde txar bat aurkitzea zaila egiten zaigu».

Umeak izan zituztenean zaletasunarekin aurrera egin edo ez erabaki behar izan zutela dio, «aurrera egin genuen baina modu progresiboan. Lehenengo bidaia Euskal Herriari itzulia egitea izan zen eta oso gustura aritu ginen». Bidaia guztietan aurkitu dute trabaren bat edo beste, baina denak gainditu dituzte, «eta oroitzapenetan une onak baino ez dira geratzen». Islandiara egindako bidaia, adibidez, beste familia batekin batera egin zuten, «umeekin joanda garrantzitsua da beste familia batzuekin joatea». Bidaia hartan bereziki latza izan zen eguna pasa zuten, «nire bizitzako okerrena izan zen. Oso eguraldi txarra egin zuen eta eskertu genuen gu baino ausartagoa zen familiarekin egotea, ondo lagunduta egotea, alegia».
Ingalaterrakoa ez zuten osatu gaixotasun bat tarteko. Aurtengo uztailean Ingalaterrara doaz bizikletarekin. Izan ere, denbora eta energia asko erabiltzen dute bizi bidaia bakoitza prestatzen eta Ingalaterrakoa aurretik prestatuta daukatenez, badoaz.
Orain artean egindako bizi bidaien berri izateko aukera dute gaur legazpiarrek eta Bringasekin batera bidaiak bizitzeko.