Zumarragako Udalak Bidezar eta Txurruka igogailu bidez lotuko ditu
Zumarragako Udalak 12,2 milioiko aurrekontua onartu du, PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta EAJ eta Irabazi abstenitu egin ziren. 550.000 euro inbertsioetarako izango dira. Inbertsio nagusietako bat
Zumarragako Udalak 12,2 milioiko aurrekontua onartu du, PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta EAJ eta Irabazi abstenitu egin ziren. 550.000 euro inbertsioetarako izango dira.
Inbertsio nagusietako bat Txurruka kalean egingo da. Udalak igogailua jarriko du, Bidezarretik Txurrukara igotzeko. Aurrekontua 100.000 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzak %50eko diru laguntza eman du.
Bestalde, udalak azokako arkuak metakrilatozko ateekin estaliko ditu. Egitasmo honen helburua azokara etortzen diren baserritarren lan baldintzak ho- betzea da. Argia sartuko da, baina haizea ez. Gainera, berogailuak jarri ahal izango dira. Obra honi esker, orain arte baino ekitaldi gehiago antolatu ahal izango dira bertan. Alboko argazkian ikus daitekeen moduan, dagoeneko probak egiten ari dira. Aurrekontua 140.000 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailak eta Goimenek diru laguntza emango dute.
Bestalde, trintxerako eta Iparragirre hiribideko obra bukatuko da. Iparragirre hiribidetik (parrokia ondotik) trintxerara bost metro zabaleko arrapala egingo dute. Gainera, Elizkaleko zebrabidetik Leku-Ona zapata dendaren atzealdera doan espaloia berrituko dute. Lehen fasea otsailean hasiko da.
Lehenago, bi aste barru, Argixao industrialdeko sarrera eta Kaminpe lotuko dituen bidegorria egiten hasiko dira. Aurrekontua 204.000 eurokoa da.
Egitasmo honen helburua Euskal Herria hiribidea (GI-632 errepidea zena) bulebar modukoa bilakatzea da. Bigarren fasean Eitzatik ospitaleko errotondara doan zatian bidegorria egingo dute eta hirugarrenean, ospitaleko errotondatik industrialdeko bidegurutzera doan zatian. Obra amaitzen denean, kamioiak ezingo dira Eitzatik industrialdera joan. Kaminpetik bakarrik joan ahal izango dira.
Inguru hartan bertan, industrialdeko espaloiak, errepidea eta argiteria berrituko dituzte eta seinaleztatzea hobetuko dute. Lanak hastear dira. Aurrekontua 237.000 eurokoa da. Udalak 140.000 euro jarriko ditu eta SPRIk 97.000.
Handik gertu, eguneko zentroaren kanpoaldean, mahaiak, aulkiak eta zuhaitzak jarriko dituzte. Helburua gerontologikoan dauden adinekoen senitartekoek eguraldi ona egiten duenean beraiekin egoteko toki bat gehiago edukitzea da.
Parkeak eta baratzeak
Bestalde, urteroko moduan, parkeetan hobekuntzak egingo dira. Zelai Ariztin, adibidez, haurrentzako jolasak berrituko dituzte.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak 2019ko udal aurrekontuetatik kanpo dauden bi egitasmo garrantzitsu ere azpimarratu ditu. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumarragako Udala baratzeak eta txakurrentzako parkea egiten ari dira Urtubi auzoko 17.000 metro koadroko lursail batean, Faustino Orbegozo geriatriko zaharraren on- doan. Aurrekontua 228.000 eurokoa da eta udarako prest egongo da. Baratzeetan izena emateko epea aurki irekiko dute.
Alkateak egitasmo honen garrantzia azpimarratu du. «Erdigunetik oso gertu, parke handi bat edukiko dugu. Gainera, alderdi politiko guztiek baratzeak egiteko asmoa azaldu zuten azken hauteskundeetako programetan».
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko 108 etxebizitza egingo ditu Eitzan. Gazteei eta adinekoei etxebizitza duinak eta merkeak eskaintzea da helburu nagusia. «Lurra udalarena da eta Eusko Jaurlaritzari utziko diogu», aipatu du. Etxebizitza hauek Eitza auzoaren goialdean egingo dira.