Ampok garaipen garrantzitsua lortu du Madrilen, Alcobendas indartsuaren kontra
Ligako sailkapeneko bigarrenaren aurka irabazi du asteburuan Ampo Ordiziak. Sailkapeneko 4. postuan egonkortu dira ordiziarrak. Hurrengo hitzordua hilaren 27an izango dute, Altamiran, Aldro Independienteren kontra.
Ligako sailkapeneko bigarrenaren aurka irabazi du asteburuan Ampo Ordiziak, non eta Madrilen. Talde indartsua da Sanitas Alcobendas, baina ordiziarrak denak emateko prest atera ziren zelaira, bai baitzekiten partida osoan zehar maila handian jokatu beharko zutela. Partida borobila jokatu zuten Garmendia eta Marotiasen mutilek, eta 27-33 nagusitzea lortu zuten.
Erasoan hasi ziren ordiziarrak, eta markagailua zabaltzea lortu zuten, Valentin Cruzek gauzatutako zigor kolpe batekin. Etxekoek erreakzionatu arren, ordiziarrak sendo aritu ziren defentsan; azkenean, zigor kolpe batekin, hiruna berdindu zuten. Ez zuten etsi, ordea, eta hurrengo eraso jokaldian, etxekoek entsegua lortu eta kolpea gauzatu zuten, 10-3 aurretik jarriz. Abantaila handitzen ere saiatu ziren, baina beste behin ere, ordiziarrak bikain aritu ziren defentsan. Aurreneko ordu erdiaren bueltan, Cruzek berriro, zigor kolpearekin asmatu eta 10-6 gerturatu ziren. Erasoan eta presioa egiten jarraitu zuten, eta entsegu bati esker, 10-13 aurretik jarri ziren ordiziarrak, atsedenaldira joan aurretik.
Aldageletatik bueltan, erasoan sendo jarraitu zuten Ampokoek, eta 44. minutuan, Oier Goiak entsegua egin zuen; Cruzek kolpea gauzatuta, 10-20 aurreratu ziren markagailuan. Mugimendu handiko jokaldiak izan ziren, batzuen nahiz besteen ahaleginekin eta baloi galtzeekin. 54. minutuan Ampok beste zigor kolpe bat behartu zuen. Apenas 5 metrora zeuden, melean jokatzea erabaki zuten, eta Moalak taldearen hirugarren entsegua lortu zuten. Cruzek kolpea gauzatu eta gero, 10-30 aurreratu ziren.
Madrildarrek ez zuten etsi, ordea, eta erasoan jarraitu zuten. 71. minutuan, ordiziarren defentsa haustea lortu eta bigarren entsegua egin zuten, eta 73.ean hirugarrena, atzera partidan sartzea lortuz. Bi taldeek izan zituzten aukerak hurrengo jokaldietan, eta azken minutuan, etxekoen laugarren entsegua iritsi zen. Asko gerturatzea lortu zuten, baina ordiziarren errenta nahikoa izan zen garaipena ziurtatzeko. Azkenean, 27-33, garaipen garrantzitsua eta laugarren postuari sendo eusteko balioko duten puntuak ekarri dituzte etxera. Hurrengo hitzordua hilaren 27an izango dute, Altamiran, Aldro Independienteren kontra.