Hell Beer Boys taldeak agurreko kontzertua egingo du, Ordizian
Hell Beer Boys musika talde goierritarrak agur esango du, hamazazpi urteko ibilbidearen ondoren. Ordizian egingo dute agurreko emanaldia, otsailaren 2an.
Hamazazpi urteko ibilbidearen ondoren, Hell Beer Boys musika talde goierritarrak agur esatea erabaki du. Hala iragarri zuen taldeak sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez. Otsailaren 2an egingo dute agurreko kontzertua, Ordizian. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta Brigade Loco eta Roten XIII taldeek ere joko dute, Hell Beer Boys-ekin batera, Beti Alai kanpoaldeko gune estalian. Aurretik, 18:00etan, Bake Faltsua taldeak, disko berria aurkezteko kontzertua egingo du.
Taldekideek, “erabaki gogorra” izan dela azaldu dute, “penaz” hartutakoa, baina aldi berean “harro” daudela diote, hamazazpi urteko ibilbideak utzitako momentu ederrengatik.
Hamazazpi urte eta sei disko
Hell Beer Boys taldea 2002. urtean sortu zuten Goierriko lau lagunek: Jon Lekuona (bateria), Iker Lino (kitarra), Blasko (baxua) eta Gorki (ahotsa). Aurreneko kontzertua taldea sortu eta 6 hilabetera egin zuten, Ordiziako gaztetxean. Lehen entseguak Tolosan egin bazituzten ere, Arriarango lokalera aldatu ziren gero. Kontzertu sorta bat egin eta gero, aurreneko diskoa argitaratu zuten, Ratas del Oria izenekoa. Guztira sei disko argitaratu ditu taldeak. Hamazazpi urteko ibilbidean aldaketak ere izan dira; Jon Lekuonak taldea utzi zuen eta Eneko Marsa sartu zen haren tokian.