Baztertze arriskuan dauden pertsonei babesa emango diete mikro-kredituekin
Ordiziako Udalak eta Fiarek sinatu dute beharra duten herritarrei laguntzeko hitzarmena. Gehienez 2.000 euroko mikro-kredituak emango dituzte, egoera bakoitza aztertu ondoren
Gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei laguntza ekonomia emateko, Ordiziako Udalak eta Fiare banku etikoak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenari esker, arrisku egoeran dauden pertsonei babesa eskainiko diete mikro-kredituen bidez. Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak eta Santiago Membibre Fiare elkarteko Euskadiko ordezkariak sinatu zuten lankidetza hitzarmena pasa den ostiralean. Sinadura ekitaldian parte hartu zuten baita ere Jokin Otegik (Fiare Ordizia), Amparo Diaz de Ceriok (Fiare Ordizia eta Desjabetzeak Stop Goierri), Gizarte Ongizateko zinegotzia den Iñaki Dubreuilek eta Sebastian Gutteridgek (Fiareko teknikaria).
Ordiziako Udalak 10.000 euro jarri ditu Fiareren eskura. Horren bidez, «2018ko udal aurrekontuaren parte hartze prozesuan hainbat gizarte beharretarako mikro-kredituen funtsa sortzeko Goierriko Kaleratzeak Stop plataformak eginiko proposamenari erantzun zaio».
Helburua «oinarrizko beharrak asetzeko finantza iturria izatea da», udalak adierazi duenez. «Beharrak izan, laguntzarik ez izan eta egoera ekonomikoagatik, banku sistemaren baldintza eta bermeak betetzen ez dituzten pertsonak babesteko balioko du hitzarmenak».
2.000 euro gehienez
Udaleko Gizarte Ongizateko teknikariek laguntza eskatzen duenaren egoera aztertuko dute, gizarte bazterketa arriskua katalogatu ahal izateko, eta Fiarek ere analizatuko du. Balorazio batzorde bat eratuko dute,Ordiziako Udaleko, Caritaseko, Fiareko eta Kaleratzeak Stop elkarteko ordezkariekin, eta batzordeak eskaera bakoitzari eman beharreko esku hartze egokiena proposatuko du.
Maileguaren kontratua sinatzeko epe, kopuru, itzulpen modua eta bestelako baldintzak, batzordeak eta Fiarek adostuko dituzte. Mikro-kreditu bakoitza, 500 eta 2.000 euro bitartekoa izango da eta ez dira berme edota komisioak ezarriko. Itzultzeko epea bi urtekoa izango da gehienez eta eskatzailea Ordizian erroldatuta egon beharko da eskaera egin aurreko 12 hilabeteetan.