Gazteak hauspotzeko Astotxoa
Lazkaoko aspaldiko Astotxo festa biziberritzeko keinuak izan dira, aurten. Lehiaketan, asto gazteen sariketa sortu dute. Antzezpenean, haurrak erakartzeak segitzen du erronka izaten.Azkeneko urteetako asto kopuru handienarekin hornitu da Astotxo egunek...
Lazkaoko aspaldiko Astotxo festa biziberritzeko keinuak izan dira, aurten. Lehiaketan, asto gazteen sariketa sortu dute. Antzezpenean, haurrak erakartzeak segitzen du erronka izaten.
Azkeneko urteetako asto kopuru handienarekin hornitu da Astotxo eguneko Gipuzkoako Enkarterri astoaren 20. topaketa. Plazara 110 buru ekarri zituzten, igandean, alde askotako ganaduzaleek. Gipuzkoako 20. lehiaketan 83k parte hartu dute, kalifikatuek: 68 eme eta 15 ar. Aurretik, plazan, 19k lortu zuten euskal arraza autoktonoaren izendapen ofiziala: 17 eme eta 2 ar. Bakar bat botadute atzera, neurri handiegiagatik. Txus Aiastui, Mirari Intza eta Miren Meabe aritu dira epaile.Gustura geratu da Antsoategi elkarte antolatzailea, asto kopurua hazi eta estimua goratu delako. Giaseleko presidente Jose Inazio Mendizabalen arabera, arraza ontzen ari da. Erosteko asmoz ere jende ugari joan da Lazkaora, feria izaera sendotuz. Bost eguneko astakumeak erakarri ditu begiradak, Ioritz Garmendia herritarrak eramana.
Lehiaketan, ar dotoreenaren saria (300 euro eta zintzarria) Garmendiaren beste asto batek jaso du, Leontxio izenekoak. Eme ederrenarena, Joxe Mari Lopetegiren Jai-k.
Lehen aldiz, 3 urtez beheko asto gazteen lehiaketa egin dute, ugalketarako ezinbestekoak direnez. Luzio Jauregiren Bittor eta Maria Jesus Galarragaren Argi saritu dituzte zintzarriekin.
Kale antzezpena 32. urtean
Asto lehiaketa bukatu orduko, ikuskizuna Zelaira aldatu zen. Egiptorako ihesa egin zuten lazkaotarrek: haurren desfilea lehenengo, helduen kale antzerkia ondoren. Duela 32 urte hasi ziren, Zawopi aisialdi taldekoak. Herodesen antzezpen dohaiak (Asier Sukia) eraman du kontakizunaren argumentua, beste behin, laguntzaile, berri emaile eta pertsonaiez inguratua.
Ohi bezala, antolatzaileek 2.000 metro koadro inguruko esparrua jantzi eta girotu zuten Zelaian, antzinako Judea irudikatzeko. Ikusleek antzeztokiaren perimetro guztia bete zuten, Egiptorako ihesa jarraitzeko.













