Goierriko trikitilariak ere, Lajaren agurrean
Iñaki Garmendia Laja trikitilari azkoitiarrari azken agurra eman zioten atzo, jaioterrian. Makina bat plaza alaitu eta gero, 74 urterekin hil zen; azkenera arte astindu zuen soinu txikia.
Lajaren heriotzak trikiti munduan “hutsune handia” utziko duela azaldu du Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak. “Inork ez zuen espero eta kolpe gogorra da. Azkenaldian gauza batzuk utzita zegoen, baina azkenera arte aktibo mantendu izan da”. Irakasle ere izan zuen, eta hain zuzen ere, “aurreko eta ondorengo trikitilarien arteko zubi lana” egin izana aitortu dio. “Soinuarekin maiteminduta zegoen, iraultzailea izan zen eta gauza asko ekarri zituen”.
Trikitilari ugari bildu ziren atzo Azkoitiako elizan, horietako asko goierritarrak. Laja handiari zioten errespetua agertu nahi izan dute, horrela.